Zerurat joateko zubia

Ezterenzubin ez da lepoko minik ukan behar inguratzen duten mendien preziatzeko: Harpea leizea usaiaz kanpoko gune ikusgarria da

Beherobitik goiti Harpearat heltzeko, xendrari aski zaio segitzea. MAKEIP.
Ainize Madariaga
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Ezterenzubi (Nafarroa Beherea) herria mendi mazelek besarkatzen dute, eta urek inguratzen. Bertan du urbegi nagusia Errobi ibaiak, Errozate mendiaren barrunbeetan.

Elizateak karrika mehe luzea du, zubiz ongi beztitua. Aski fite egiten da herri bihotzaren ingurua. Alta, herriak badu zer eskaini: nahi bertze ibilaldi egiteko parada eskaintzen baitituzte bazterrek oro.

Hasteko, Beherobia auzora heldu behar da: Donibane Garazitik arribatzean, herria zeharkatu eta Orbaizetarat (Nafarroa Garaia) buruz 3-4 kilometro aitzinatu behar dira, errekari goiti segituz. Auzoko ostatuarekin egiten da topo. Bertan aparkaturik, oinezko ibilaldia abiatzen ahalko da.

Hoteletik goiti doan xendrak Harpearat eramaten du. Jon Paulerena Ezterenzubiko artzainak errotik ezagutzen ditu bazterrak: «Toki izugarri ederra da, Orbaizeta eta Ezterenzubiko mugan. Leku berezia da; joaten zaren guztietan sentitzen duzu lehen aldian sortu zizun lilura hori!».

Zehaztu du orain artzainik ez bada ere artzain etxolak eta harriz eginiko korrale «ederrak» bertan dirautela.

Ñ bat irudikatzen du Burgosako harpea ere izena duen leizeak. Harrigarria da 40 milioi urteko bilakaera geologikoa minutu bakarrean laburtu daitekeela, istant bateko begirada bakar batez.

Alabadereko orografiak du famatu egiten gunea; bertaratzen denak ez duke kontrakorik erranen. Lurraren eta lurpearen arteko ezohiko parentesi hori historiaurretik izana da artzainendako aizolbea, sartuz zolako lur zanpatuak salatzen oraino ere kabalek bertan hartzen dutela babesa.

Ibilaldiak aitzina segi dezake, goiti hartuz, Errozate mendirat igaiteko, betiere Jon Paulereneren gomendioari jarraituz: «aroaren arabera». Izan ere, erran zaharrak dio mendikoak zuhurrak direla beti.

Gain haiek paregabeko bista eskaini bide dute: «Artzainek zaintzen dituzten larre ederren bista izugarri ona ona bada han gainetik», azpimarratu du Paulerenak, bai Garazi aldera, bai ere Iratira.

Joan-jina egun erdikoa da, baina, egun osokoa izan dadin nahi izanez gero, Harpetik Organbide leporaino jarrai lezake ibilbideak, eta hortik Urkulu gibelerat, Urkulu kaskorat iristeko.

Itzuliari bukaera emateko, Beherobian berean zintzurra busti daiteke; bestela ere, Ezterenzubin berean, Karrikaburun. Eta, eskualdeko bazkak elikaturiko ardien esne onari uztartuz artzainaren jakitate abila, Ezterenzubiko Salaberriko gasna kausitzen da: merezi du dastatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.