PROPOSAMENAK

Artziniega eta ingurua

Otsatiko bidea egin dezake bisitariak, eta Artziniega inguruko baso eta mendiez gozatu dezake, herriko txokoak ezagutzearekin batera

Artziniegako (Araba) Alde Zaharra. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Ibilbide zirkular bat egiteko aukera izango du gaur bisitariak. Artziniegan (Araba) hasi eta bukatuko da Otsatiko bidea izeneko ibilaldia. Bederatzi kilometro ingurukoa da, eta marka zuriekin eta horiekin dago markatuta, bidean galtzeko arriskurik egon ez dadin. Txangoa egitera animatzen denak izango du bidean zehar Otsatiko gainera igotzeko aukera, eta baita bertako basoez eta parajeez gozatzekoa ere. Zenbait altxorrekin egingo du topo erritmo lasaian egin daitekeen bide horretan.

Hirigune historikoa izango da gaurko lehen geldiunea. Hiriko Atea dago bertan, eta eremu horretatik ekin behar zaio ibilbideari. Seinaleek markatutako bideari jarraituz, herritik atera eta baso misto batekin topo egiteko aukera dago: haritzak ditu, besteak beste. Zuhaitz horien gerizpean, erreka albo batetik egin behar da aurrera, eta, tarteka, Burgosko (Espainia) lurretan ere sartuko da bisitaria oharkabean, basoa bi lurraldeen artean baitago. Areago, galtzada baten aztarnak ere ikusi daitezke, eta pixka bat aurrera eginez gero, Rozako errota zaharra bisitatzeko aukera ere badago.

Basoan gora eginez gero, berriz, Otsatiko gailurrera iristeko aukera dago, azken tarteko bide zabaletan zehar. 515 metro dituen tontorra da, herritarrentzako aski ezaguna; bada izen bereko karrika bat ere herrian. Behin hori zapalduta, beherantz jo beharko da, berriro ere herrira iritsi arte. Bertan jarraitu dezake bisitak.

Badago zer ikusi

Udalerri bat da Artziniega, eta izen bera duen herriak zenbait aukera eskaintzen ditu bisita baterako. Muino baten gainean dago, eta, egindako ikerketa eta indusketa batzuen arabera, antzinatik bizi izan da gizakia bertan. Hala ere, bertako historia idatzia 1272an hasi zen, eta Erdi Aroan ere garrantzi handiko kokagunea izan zen, zenbait liskar eta gertakariri bide emanez.

Egun badira garai horietako aztarnak ere nonahi; esate baterako, Erdi Aroko hirigunea mantentzen da. Hain zuzen, Euskal Herrian ondoena zaindutako monumentu multzoetako bat da, eta hiru kale nagusi ditu: Goienkale, Artekale eta Barrenkale. Are, horietan badira balio handia duten eraikinak ere, hala nola dorretxeak eta komentuak.

Bertako historiaz gehiago jakin nahi duenak. baina, 1984. urtean sortutako museo etnografikoa bisitatu dezake. Eskualdeko bizi ohiturez gain, antzinako objektuak ere hartzen dituen espazio bat da, eta, egun, eskola zaharrean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.