PROPOSAMENAK

Ermitaren sekretuak

Abrisketako Done Peri Bizkaiko baselizarik zaharrena da, baita ezohiko irudi askoren gordelekua ere. Oinez irits daiteke Arrigorriagako plazatik

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Javi West Larrañaga.
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Bilbotik Gasteizerako bidean dago Arrigorriaga (Bizkaia), mendiz inguratuta. Kondaira baten arabera, bizkaitarrek leondarrak garaitu zituzten gudu batetik datorkio izena herriari, etsaien odolak harriak gorritu omen zituelako. Hala ere,beste bi ustek onarpen handiagoa dute: inguruko burdin meatzeek eman ziotela izen hori, edo «gorri» hori harri biluzitik datorkiola, eta ez koloretik.

Abrisketako Done Peri da Bizkaiko baselizarik zaharrena, eta, hiru kilometro pasatxo dituen ibilbide bat eginez, oinez irits daiteke hara Arrigorriagako plazatik. Plazan bertan daude udaletxe zaharraren eraikina eta udaletxe berriarena. 1777an eraiki zuten bata, eta 2011n bestea. Plaza atzean utzi, eta Urgoiti pasealekutik aurrera Axarte hiribidea hasten da. Hari jarraituta, lehenengo bidegurutzean eskuinera jo eta trenbidearen zubi azpitik pasatu ondoren, Fleming kalea hartu behar da: lehen semaforoan ezkerretara dago.

Han, seinale batek iragartzen du Larraskotik eta Goikuritik igarota Abrisketako Done Peri ermitara doan bidea. Aldats gogor batean gora eginez, hirigunea atzean uzten da. Aurrerago, Goikuri auzoa dago, AP-68 autobidearen gainetik pasatuta. Han dago Torre Barrondo baserria, antzina dorretxea izandakoa. Nekazaritzatik ez da ia inor bizi inguruan, baina badaude aziendak oraindik.

Menhirra, parez pare

Goikuritik aurrera eginda, bidegurutzean eskuinetara joz gero, Abrisketako Done Peri baselizara helduko da bisitaria. Ermita leku aproposean dago Nerbioi harana bere osotasunean ikusteko. Bizkaiko ermita zaharrena da, eta, txikia izanagatik, ondo eutsi dio mendeen igarotzeari. Urteetan konponketak egin dizkieten arren, XII. mendeko xehetasunek bere hartan diraute. Ikerlarien ustez, landa eremuko komunitate txiki batek eraiki zuen, eliza bisigodo baten gainean.

Ermitak hainbat sekretu dauzka. Eraikin kristau batean bitxiak diren eszenak daude irudikatuta arkuan. Alde batean, eszena erotiko bat, eta, bestean, dantza paganoak. Dekorazioa prerromanikoa da, eta, hura eraikitzeko, erromatarren hilarri batzuk berrerabili zituzten. Ermitaren aurrean, menhir bat dago. Bi sinesmen parez pare. Biztanle zaharren errituak eta lehen kristauenak.

Bisitariak, nahi badu, Ipiña baserriraino jarraitu dezake. Bideari jarraitu eta ezkerretara, San Pedro iturria dago. Hango biztanleek ura batzeko eta arropa garbitzeko erabiltzen zuten antzina. Beste aldats bat igota, Ipiña baserria dago. Bide gehienak porlanezko pistak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.