Bakailaoaren festa

Lazkaotarrek bakailao lehiaketa egingo dute maiatzaren 1ean. Hamabi-hamalau bikote arituko dira lehiaketaren 30. edizioan

2016ko San Prudentzio jaietako bakailao lehiaketa. AIMAR MAIZ / GOIERRIKO HITZA.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Bakailaoa tomatearekin. 30 urte daramatzate lazkaotarrek plater hori prestatzen San Prudentzio jaietan. Domarda Elkartearen ekimenez sortu zen lehiaketa, eta egun Udalak eta herriko elkarteek antolatzen dute.

Maiatzaren 1ean astinduko dituzte lapikoak plazan. 10:00 aldera hasiko dira, 12:00etarako bukatzeko. Azken urteetan, hamabi-hamalau bikote inguruk hartzen dute parte. Herritarrek osatutako epaimahaiak aukeratuko du plater irabazlea.

«Bakailao lehiaketa festa giroa da», argi du Joxpi Insaustik. Lehiaketa hasi zenetik, urtero aritu da sukaldari lanetan, azken bi urteetan salbu. Lehenengo urtean irabazi zuen, baina «sukalderako, eta bereziki festarako» duen zaletasuna da parte hartzeko arrazoia.

Insausti antolaketan ere aritu izan da, Domarda Elkarteko bazkidea baita. Han sortu zen ideia. «Sagardo lehiaketa egiten genuen elkartean. Lazkaoko festen garai bertsuan amaitzen da urtero sagardo denboraldia, eta plazan zerbait egitea pentsatu genuen».

Gazteak badatoz

Aldaketak ere izan ditu lehiaketak, Insaustiren arabera: «Hasieran, diruz justu ibiltzen ginen. Orain, udalak ordaintzen du». Lehiaketa bera ere aldatu egin da: «Lehen, tomatea bertan prestatu behar zen; orain, jendeak etxean prestatuta eramaten du». Insaustik adierazi du plateraren aurkezpenak ere garrantzi handia hartu duela.

Insaustik zalantza du aurten parte hartuko duen, aurreko eguneko gorputzaldiak agintzen baitio. Hala ere, etorkizun oparoa ikusten du: «Gazteak ari dira zaletasuna hartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.