Nahaspila askatzeko ordubetea

Euskaltegian ikasitakoarekin buruan duten «anabasa» askatzen laguntzen die Mintzalagun egitasmoak euskara ikasleei. Donostian proiektuarekin hasi zirenetik, hogei urte igaro dira jada.

Mari Jose Besada, Carmen Urretabizkaia, Ane Loidi eta Aitziber Gurutzeaga. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Lagun batek esan dit asko aurreratu dudala, —hasi da kontatzen Mari Jose Besada Papin—, eta, egia esan behar badut, gustura ari naiz euskara ikasten. Bigarren hizkuntz eskakizuneko azterketa egin berri dut, baina hura gainditu edo ez, berdin-berdin jarraituko dut Mintzalagun programan». San Fermin egunean jakingo du emaitza; urduri dabil horregatik azken egunetan. Lanerako behar du titulua, baina hori ez da izan euskara ikasteko motibazio bakarra. «Euskara ikastea amets bat da niretzat, nire hizkuntza baita euskara, nahiz eta ez izan nire ama hizkuntza». Ikasketa prozesuan «mugarri» izan den Mintzalagun programak 20 urte bete ditu aurten.

Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak jarri zuen abian egitasmoa, euskaraz ikasten ari zirenek euskaltegietatik kanpo euskaraz praktikatzeko ingurunerik ez zutelako. Euskaraz ikasten ari diren bi lagun eta mintzalagun bat —euskaldun zaharra normalean— biltzen dira. Euskaltegian dabilenak dakienaren jardunetik ikastea da helburu nagusia. Aitziber Gurutzeaga Bagera elkarteko kideak zehaztu du: «Belarria egin, eta kaleko hizkuntza jasotzea da xedea; bota dezatela buruan duten nahaspila gramatikal guztia, hanka sartzeko beldurrik gabe». Euskaldun zaharrak entzunez asko ikasten dutela dio. «Hasieran akatsekin esaten dutena denborarekin zuzenduz joango dira, baina hor mintzalagunaren jardunak lagunduko die gehien: horrekin ikasiko dute». Programa hasi berria zenean ekin zion laguntzaile lanari Ane Loidi Garitanok. Kuadrillarekin izaten diren elkarrizketekin alderatu ditu: «Lagun artean ez gara itzulinguruka hasten, eta berdin egiten dugu hemen ere; hitz egitera bultzatzen ditugu». Carmen Urretabizkaia Bejarano ados agertu da Loidirekin, eta programaren izenari egin dio erreferentzia: «Mintzalagunaren funtzioa azken batean laguntzea da. Hizketarako gaiak ateratzea, edo hizkuntza menperatzen ez duenari akuilu lanak egitea». Egiten ez dutena dauka argiago: «Zuzendu, horixe ez dugu egiten, hankasartze handiren bat egiten ez badu behinik behin». Baina galdetzeko baliatzen dutela gogoratu dio Besadak. «Nik, ordea, ezin izaten diet askorik lagundu, ni gramatika aldetik alfabetatu gabea bainaiz: alegia, badakit nola esaten den, baina ezin nezake arrazoitu, euskara eskolak inoiz hartu gabea bainaiz», zehaztu du Urretabizkaiak.

Otsailetik ari da programan parte hartzen Besada. Astean behin biltzen dira, Amara auzoan. Denbora gutxian trebetasun handiagoa hartu du, eta ez dio jada horrenbesteko beldurra ematen jendaurrean euskaraz aritzeak. «Kutxako langileekin euskaraz egiten dut orain», adierazi du pozik. Baina aurkakorik ere gertatu zaiola dio Besadak. «Euskaraz egin ohi dut lehenengo hitza, baina batzuetan haiek gaztelaniaz erantzuten dute». Aurreiritziek sortzen dute jarrera hori, Gurutzeagaren ustez. «Fede txarrik gabe egiten da, iruditzen zaigulako euskaldun berriari gazteleraz eginda atakatik aterako dugula». Baina «benetan lagundu» euskaraz eginik lagunduko zaio, euskaraz egiteko esparru berri bat sortzen zaiolako. Gurutzeagak gaineratu du Besadari gertatzen zaiona gehiagok ere aipatu izan diotela.

Begi bistakoa da ikasleek programarekin egiten duten aurrerapena, batzuetan eskolan tentsioarekin aritzen baitira. Besada hala sentitu da aurten, eta horregatik erabaki du etenaldi bat egitea udan. «Urte gogorra izan dut etsaminagatik. Gainera, udan lan gehiago izaten dut, eta denbora libre askorik ere ez dut ikasteko». Izango du, hala ere, euskaraz aritzeko aukera, mendizale elkartearekin ibilaldiak egingo dituelako. Euskaldunak ditu hangoak. Baina etxeko ohitura ez dute aldatu oraindik, nahiz eta seme-alabek euskaraz badakiten. Irailean erabakiko du euskaltegira itzuli edo ez: «Badut gogoa euskararekin gozatzeko, presiorik gabe».

Kuadrillan egiten duten moduan, mintzalagunekin askotariko gaiak izaten dituzte berriketarako. Urretabizkaiak aurten izan duen taldean gaurkotasun gaiek garrantzi handia izaten zuten. Baina hitz egiten dute baita etxeko kontuez, lanekoez eta euskaltegikoez. Behin konfiantza hartuta, horien falta gutxitan izaten dela nabarmendu dute guztiek.

Irteeretarako ere pronto

Mendi irteerak, bisita gidatuak eta beste egiten dituzte, eta partaide guztiak elkartu ohi dira. Horietako batean sendotu zuen euskal kulturarekiko harremana Besadak: «Euskara leiho bat izan da niretzat, euskal kulturan sartu nauen leihoa. Orain irakurtzen ditut euskarazko liburuak, entzun euskarazko irratia...». Gurutzeagak gaineratu du:«Saiatzen gara hilabetean behin irteeraren bat antolatzen; egun osoan praktikatzeaz gain, elkar ezagutzeko beta izaten dute».

Normalean hiruko taldeak izaten dira mintzalagunenak, Besada, ordea, mintzalagun bakarrarekin aritu da :«Mintzalagunarekin bakarrik aritu naiz, neukan ordutegiarekin harekin baino ezin bainuen hitzordurik egin». Hasierako urteak gogoratu dituLoidik. Izan ere, beharrak bihurtu zituen mintzalagunen taldeak hirukoak. «Mintzalagun gutxi genituen; horregatik hasi ginen bi ikasleko laguntzaile bat jartzen». Erabaki hura askok gerora eskertu egin zutela nabarmendu du Gurutzeagak. «Ikasturte amaieran balorazioa egiteko eskatzen diegu parte hartzaileei, eta gure harridurarako guztiek eskertu zuten beste lagun bat izatea taldean». Beste bat ere, laugarrena egotea eskertuko lukeela gehitu du irribarrez Loidik. «Aurten piper asko egin dute taldean, eta bat falta denean, motz geratzen da». Donostiako programan 200 lagunek parte hartzen dute; Euskal Herrikoan, berriz, 5.500tik gora badirela zehaztu dute. «Egitasmoa zabalduz joan da urteekin: orain, herri askotan egiten dira mintzalagunak, eta Topaguneak kudeatzen ditu».

Eskolekin bateragarria

Halere, Gurutzeagak ez du uste20 urteren ondotik Donostian euskararen egoera asko aldatu denik. «Egia da ezagutzak nabarmen egin duela gora, baina erabilerak ez horrenbeste». Urretabizkaiak orain dela 40 urteko egoerarekin alderatu du, eta balorazio hobea egiten du: «Garai hartan kalean entzun ere ez zen egiten, etxean baino ez zen hitz egingo. Beste kontu bat da gero, euskararen kalitatea».

Baldintza zorrotzik ez dute bete beharrik programaren erabiltzaileek; hori bai, gutxieneko maila bat behar dute laguntzaileekin komunikatzeko. Denetariko jendea bertaratzen dela diote. «Euskaltegian dabiltzanak dira gehienak, baina etortzen dira euskaltegira joateari utzi diotenak». Eskolara joan gabe, hizkuntzarekin harremanetan jarraitzeko aukera izaten dute modu horretan. Bi zerbitzuen bateragarritasuna nabarmendu du hargatik Gurutzeagak. «Xede horrekin sortutako egitasmoa da hain zuzen ere, eskolan ikasitakoa praktikan jartzeko». Urretabizkaiak osatu du Gurutzeagaren ideia: «Kalean hitz egiteko, gaitasuna eduki behar da, titulurik ez, ordea. Titulurik gabe ere egin dezakezu euskaraz ongi, eta bizi zaitezke euskaraz». Besadak baietz dio ondotik, eta berriz gogoratu du: «Nik titulua gainditu dudan edo ez jakin aurretik egina dut euskaraz bizitzeko hautua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.