Amesten zutena, hurbilago

Santi Brouard eta Josu Muguruzaren ekarpen politikoa gogoan izan dute dozenaka lagunek, ezker abertzaleak Euskal Herriaren naziotasuna aldarrikatzeko Madrilerako bidea hartu duen egunean.

Dantzariak eta senitartekoak, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren oroimenez egindako ekitaldian, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Hauteskunde eguna baino gehiago zen atzokoa. Azaroaren 20ak esanahi politiko sinbolikoa du Euskal Herrian, 1975ekoan Francisco Franco diktadorea hil zenetik. Salaketa eta oroimenerako egun bihurtu zen 1984koan, GALek Santi Brouard HBko zuzendaritzako partaidea hil zuenean, Bilboko bere pediatria kontsultan. Eta aldarrikapenerako egun bilakatu zen 1989koan, estatuko aparatuek Josu Muguruza HBko eleduna tirokatu zutenean, Madrilen, Kongresuko diputatu akta jasotzeko bezperan.

«Bake proposamena eramatera zihoala hil zuten Josu; baina 22 urteren ondoren, hemen gaude, tinko». Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramailearen hitzak dira, atzo ahoskatuak, baina urteroko azaroaren 20an zentzua berreskuratzen dutenak. Izan ere, Brouard eta Muguruzaren ideiek, tresnek, balioek gaurkotasuna dutela nabarmentzen du beti ezker abertzaleak, bi militante historikook gogoratzean: «Gatazka politikoari irtenbide negoziatua emateko lan egin zuten; herri honen askapen nazional eta sozialaren alde borroka egin zuten».

Atzoko azaroaren 20an, berriz, Espainiako Gorteetarako hauteskunde egunean, inoiz baino zentzu handiagoa zuen Brouard eta Muguruzaren lana gogoratzeak. Izan ere, haiek oinordetzan utzitako mezu eta jardunekin, Madrilerako bidea hartu du berriro ezker abertzaleak, Amaiur koalizioaren eskutik, bi hamarraldiren ostean, «nazioa garela aldarrikatzera». Biktima guztien onarpena eta lehia politikoa xede jarri zituen Ugarteburuk: «Ideiak aurrez aurre jarri nahi ditugu, libreki, gizarteak soilik ezartzen dizkigun mugekin».

Urtero bezala, krabelin gorriz inguratu zituzten dozenaka lagunek bi militanteen omenez Bilbon jarritako txokoak: Brouardek ezker ukabila igota daukan irudi mitikoa jasotzen duen oroitarria lehenengo, Ametzola Parkean; Muguruzak askatasunaren alde eginiko lana gogorarazten duen eskultura gero, Errekalde plazan. Haien senideak izan ziren lehenak lore eskaintza egiten, eta ondoan izan zituzten ezker abertzaleko kide ugari; besteak beste, Tasio Erkizia, Arantxa Urkaregi, Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia eta Karmelo Landa.

Xingola beltz batek estalitako ikurrinari eta bi militanteon argazkiei begira egin zieten omenaldia, «eurei eta eurek ordezkatzen dutenari». Santi Brouard eta Josu Muguruzaren konpromisoa, apaltasuna, duintasuna eta koherentzia goratu zituen Ugarteburuk: «Horregatik hil zituzten; ezker abertzalearen sinbolo zirelako, eta estatuak beldurra diolako ezker abertzalearen proiektuari».

«Euskal Herri independente eta sozialistaren» ametsari buruz kantatu zuen Arkaitz Estiballes bertsolariak: «Maite zenuten langileria / gure herria, kultura / ta hain zuzen horrek estatuari / sortuko zion ardura / nahiz ta oraindik egun beltz haiek / etorri gure burura / askosaz eta hurbilago da / amesten zenuten hura / zuei eskerrak iritsi gara / iritsi garen lekura».

Horregatik, hauteskunde eguna baino gehiago izan zen atzokoa. Eta urteurrena baino gehiago ere bai. Brouard eta Muguruzaren hitzak, ekarpenak eta ametsak inoiz baino esanguratsuago eta errealagoak izan ziren 2011ko azaroaren 20an. «Legegintzaldi hau aukera historikoa izan daiteke negoziazioari lekua egiteko», idatzi zuen Josu Muguruzak, hil baino ordu batzuk lehenago. Aurretik, bidea seinalatuta utzia zion Santi Brouardek: «Beren askapenerako borroka egin duten herri guztietan, politika zera da: baldintzak jartzea gaur ezinezko dirudiena bihar posible izan dadin ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.