Vivaldirekin udalekuetan

Antzinako musika ardatz hartuta, ume eta gazteentzako udaleku bat antolatu du Atrilia musika elkarteak Lekarozen. Udalekuan astebete egon ostean, Gaiarre antzokian kontzertua emango dute.

Musika udalekuko ikasle gazteenetariko batzuk, Gaiarre antzokian emango duten kontzerturako obrak prestatzen. SAIOA ALKAIZA.
K Saioa Alkaiza(h)
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Haur eta gazteak biolin, gitarra, oboe eta eskusoinuekin, Mozart, Vivaldi, Praetorius edo Haendelen konposizioak jotzen. Horixeikus daiteke Lekarozen (Nafarroa), antzinako musikako udalekuan. Atrilia musika elkarteak antolatzen du udalekua. Orain dela sei urte hasi zen lan horretan, eta aurten ere hainbat musikari gazte bildu dira aterpetxean, 70. Denak helburu berarekin: musika ikasiz ongi pasatzea. Abuztuaren 25ean hasi zen udalekua, eta irailaren 1era arte iraungo du.

XV. eta XVIII. mendera bitarteko musika doinuak aditu daitezke Lekarozko aterpetxean. Ikasgelara sartu, eta ikasleak geldi daude, irakaslearen esanei adi, haren besoen mugimenduari so. Helduenen eskola Iñigo Casali orkestra zuzendariak gidatzen du. Antzinako musikako irakaslea da Casali, Pablo Sarasate kontserbatorioan, eta esperientzia handia du haurrekin. Harro dago egindako lanarekin, udalekuetan aurkitutako prestutasunarekin. «Gehienen ustearen kontra, antzinako musikak gaurkotasun handia du», dio. Haurrak gogotik gozatzen dira, jo beharrekoa edozer izanda ere.

Sonia Rollo Atrilia elkarteko lehendakariak azaldu duenez, urtebetez musika ikasi izana aski da udalekuetan izena emateko. Edozein adinetako gaztetxoak joan daitezke. «Bizitzako beste alor guztietan bereizi egiten dituzte umeak: eskolan, adinaren arabera; lagunekin, kuadrillaka banatzen dira... Guk elkarlanean jotzea nahi dugu, batak bestearengandik ikastea. Horregatik, gauza zehatz batzuk lantzeko bereizten ditugu, baina denen artean lan egiten ikastea ere lortu nahi dugu», adierazi du Rollok.

Adin mugarik gabeko musika

Eskolaz kanpoko ekintza guztietan gertatzen den bezala, musika ekintzetan ere arazoak dituzte 14 urtez gorako gazteak erakartzeko. «Nafarroan, musika ikasle asko dago, baina 14 urtera heltzean askok utzi egiten dute. Guk adinaren langa gainditu nahi dugu», dio. Udalekuetan 9 eta 17 urte artekoek eman dezakete izena, eta denen mailara egokitutako obrak lantzen dituzte. Gainera, edozein instrumenturekin jotzeko molda ditzakete obra guztietako partiturak.

Udalekuan, musikaz bere osoan goza daitezke zazpi egunez. Instrumentuekin aldez aurretik prestaturiko abestien interpretazioa lantzen dute, baita inprobisazioa ere. Gainera, kantuan aritzeko aukera dute udalekuetara joandakoek, eta gazteenek dantza egiten dute. Lanak emaitza izaten du, eta ikus daiteke emaitza hori, Atrilia elkarteak udalekuko haurren kontzertu bat antolatu duelako. Azkenengo egunean, irailaren 1ean, 12:30ean, musikariek kontzertua emango dute Iruñeko Gaiarre antzokian.

Aurten, Una fiesta en palacio deitu dute ikuskizuna, garai bateko jauregietako festa giroko doinuak joko dituztelako. Hala, Pizkundeko eta Barrokoko autore laudatuenen lanak interpretatu, eta dantza emanaldiak eskainiko dituzte. Casaliren aburuz, oso garrantzitsua da Gaiarren egoteko aukera izatea. Izan ere, erakusleiho moduko bat da gazteentzat. Jendaurrean egotea zer den ulertzeko lehen pausoa da, eta astebetean ikasitakoa erakusteko aukera ere bai. Kontzerturako sarrerak salgai jarri dituzte, bost eurotan.

Gaiarreko emanaldia udalekuak eskaintzen duen ekitaldi nagusia da, baina ongi joan dadin, lan handia egin behar dute. Goizean goiz jaiki, eta antzinako doinuak aditu daitezke aterpetxeko ikasgeletan. 10:00etan hasten dituzte eskolak, eta gutxi gorabehera zazpi orduz lan egiten dute, jotzen, dantzan edo kantuan. Tartean, jolasteko, elkarrekin egoteko eta siesta egiteko aukera badute. Dena den, ikasle askok nahiago dute ordu libreetan ere klaseak jasotzen jarraitu. «Kontserbatoriora joatea baino askoz gehiago da instrumentu bat jotzea. Musikarekin lotutako aisialdia eraikitzen dugu udalekuan», dio irakasleak.

Murrizketek markatuta

Musikaren harira antolatu dituzte zortzi egunak, baina askoz gehiago ere badira udalekuak. Musika bai, baina balioetan hezten dituzte joandakoak. Elkartasuna, bizikidetza, autonomia eta, batez ere, ongi pasatzearen garrantzia azpimarratzen dituzte ekintza guztietan.

Rollo eta Casali arduratuta azaldu dira, aurten krisi ekonomikoaren ondorioz neska-mutiko gutxiagok eman dutelako izena. «Erakundeek laguntza ekonomiko handiak ematen dituzte ingeleserako eta kirol udalekuetarako. Guk ez dugu laguntza ekonomikorik jasotzen». Hori horrela, boluntarioen laguntzarekin aurrera egiten dutela nabarmendu dute. Izan ere, egungo begiraleak txikitan udalekuetan egon ziren haurrak dira. Lotura afektiboa dute proiektuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.