Jaia, alderik alde. Kanpoan eta bertan

Puska batekin nahikoa dute

Bilbotar guztiak kalera ateratzen dituen jaia da Aste Nagusia, baina badago egun horiek oporretara joateko probesten dituenik ere. Eta ez da beti izaten jaia maite ez dutelako.

Marijaia, Karibeko hondartza batean, oporretan den jendearekin batera Bilboko Aste Nagusiari hasiera ematen, irudi muntatze batean. BERRIA.
Bilbo
2013ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
«Abuztuan, Bilbon, denok kalera, katuak eurak be jaietan». Hala dio Aste Nagusiko kantak. Egia da Zazpikaleak eta inguruko kaleak jendez lepo egoten direla. Aurreko asteetan Bilbon inor gutxi zegoela ematen bazuen ere, Aste Nagusiarekin batera jendea ezkutalekuetatik ateratzen hasi da. Mikel Martinez aktorea harritu egiten da bere buruarekin. Normalean ez zaizkio jende multzo handiak gustatzen. Baina asko gustatzen zaizkio Bilboko jaiak. Horregatik gelditzen da Bilbon. Itziar Garciari ere asko gustatzen zaio Aste Nagusia. Baina azken urteetan oporretan joatea erabaki du, uste duelako jaia ez zaiola komeni: «Kanpora joateak lasaitasuna ematen dit, eta horrekin batera tentaldiak saihesten ditut. Kontua ez da jaiak ez zaizkidala gustatzen, baina ez dit merezi».

Martinezek ez du inoiz Aste Nagusia galdu. Urte askotan jaiak gauez baino ez ditu ezagutu. Orain, egunaz ere gozatzen du. Hainbatetan kanpoan izan da egun batzuetan, baina beti gorde izan ditu hiru edo lau egun jaiez gozatzeko. «Hainbatetan joan behar izan dut. Baina, gehienetan gustuko dudan lan bat egiteko izan denez, ez zait inporta». Kanpoan egondako urte bat gogoratzen du bereziki, negar ere egin baitzuen.

Bilboko uholdeak izan ziren urtean urruti zegoen Martinez. Hegazkinez Madrilera eta handik trenez itzuli behar zuen. Hiru egun geroago jakin zuen uholdeena. «Garai hartan ez zegoen sakelako telefonorik, ezta Internetik ere. Ez nekien ezer». Orduan, Madrilgo tren geltokian zegoela egunkariak irakurtzen hasi zen. Ezin zuen sinetsi gertatutakoa. Eta gogoratzen du bereziki hunkitu egin zuela Madriles eskalea hil zela jakiteak. «Madriles hil zela irakurtzean, tren geltokian nengoela, negarrez hasi nintzen».

Lasaitasun bila

Garcia urteetan egunero atera izan da. «Lehen, ez nintzen inoiz kanpora joaten; hasieratik bukatu arte bizi nituen jaiak». Gaur egun, ordea, gauez ateratzeko garaia pasa zaiola uste du. Egunez atera ahal izango balu geldituko litzateke, baina bere kuadrilla gauez baino ez da ateratzen. Beraz, ostiralean Bilbon jai dela aprobetxatuz, lehengusinarekin Islaresera (Kantabria, Espainia) joaten da. Horrela, bide batez, tentaldiak saihesten ditu.

Garai bateko gauak

Lehen Mari Jaia esaten ziotela dio Garciak, aukera zuen bakoitzean ateratzen zelako. Batzuetan, nahi ez zuenean ere bai. Duela hamabost bat urte, adibidez, Ibizan (Herrialde Katalanak) hiru asteko oporraldia eginda zetorrela, Bilboko jaietako egun handia zen. Ez zuen inolako gogorik ateratzeko. Beraz, hegazkinean sartu baino lehen takoiak janztea erabaki zuen. «Horrela, etxera neka-neka eginda heldu, eta ez nintzen aterako». Baina, Bilbora heltzean, maleta galdu zutela esan zioten. Etxeko giltzak maletan zituen, eta ezin zen etxean sartu. «Neba eta biok geunden bakarrik etxean, baina hura txosnetan zebilen, eta garai hartan ez zegoen sakelako telefonorik». Beraz, takoietan ateratzea beste aukerarik ez zuen izan. Goizeko zazpietan, azkenean, topo egin zuen nebarekin, eta biak joan ziren etxera. «Bilboko jaietako nire azken gau eroa izan zen hura».

Martinezek eta Garciak maite dute Aste Nagusia. Baina bietako inork ez du aste osoa Bilbon pasatzen. Martinezek askotan lan egin behar izaten du. Eta Garciak, gaueko parrandaren alternatiba faltan, nahiago du oporretan joan. Pastel osoaren ordez, nahikoa dute puska bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.