Mende oso baten lekuko

Euskal Herriko pertsonarik zaharrena da Francisca Garcia, 111 urterekin; Europako zaharrenetan zazpigarren ere bada. Urte hauetan guztietan gertakari asko bizi izan ditu.

Zahar etxe batean bizi arren, familia beti izaten du inguruan Francisca Garciak; irailean beteko ditu 112 urte. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Burlata
2013ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Mende oso bateko gertakarien lekuko da Francisca Garcia (Baeza, Jaen, Espainia, 1901). Euskal Herriko pertsonarik zaharrena da, eta Europako zazpigarrena. Duela 111 urte, Baezan sortu zen, eta, orain, Burlatan bizi da (Nafarroa). Urteen poderioz erdi gor eta itsu geratu bada ere, oraindik ere oso ongi dauka burua, eta zehatz-mehatz oroitzen da urteetan bizi izandako pasarteekin. Bost seme-alabaren ama, sei bilobaren amona eta hamabi birbilobaren birramona da.

Gurpil aulkian eserita dago, baina oinez jartzeko gai da. Medikuak aholkatu zion hankek esfortzu handirik ez egiteko. Dena den, Garciak aurreko urtean erabaki zuen aulkian jartzeko ordua heldu zela, 110 urterekin.

Osasun aldetik «oso ongi» dagoela dio. Ez du aparteko gaixotasunik. «Jainkoari esker heldu naiz ni adin honetara», azaldu du. Ezkerreko belarritik baino ez du aditzen, eta lauso ikusten du; dena den, «adinaren ajeak» dira horiek. Kontent dago horrenbeste bizi izanaz, eta «adinaren txapelduna» dela esaten du irribarrez.

Zahar etxean badago ere, egunero egoten da familiakoekin. Seme-alaben artean, alaba bakarra baino ez dauka bizirik. Hura arduratzen da ama zaintzeaz. Alaba ere Francisca Garcia deitzen da, amaren gisan. Egunero bisitan joaten zaio alaba, goizez eta arratsaldez. Harez gain, bilobak ere joaten zaizkio, astean behin, eta birbilobak ere eramaten dituzte. Konpainia begiko du Garciak: «Izugarri gozatzen dut bisitekin; ilusio handia egiten didate».

Zahar etxera, oso berandu

Landazabal zentroan berandu sartu zuten, 103 urte zituenean. «Etxean zegoela, erori eta aldaka hautsi zuen», azaldu du Garciaren alabak. Horren ostean, gutxi barru hilko zela pentsatu zuten medikuek, eta zahar etxean sartzeko agindu zuten.«Pentsa, bi hilabetetarako baino ez zuten erreserbatu zahar etxeko ohea!», kritikatu du. Pronostikoaren kontra, bederatzi urte baino gehiago daramatza Francisca Garciak zaharren egoitzan. Irailaren 13an, bertan ospatuko ditu 112 urte.

Gorabeheraz beteta egon da Garciaren bizitza. 111 urtek garai goxo eta hainbat garai latz bizitzeko aukera ematen dute. Haurtzaroarekin oroitzen da, bereziki; Jaenen pasatu zuen. Eskolara joan zen, baina irakasleak harrikoa egitera behartzen zuen, baita lurra garbitzera ere. Hala, ez zuen irakurtzen ikasteko tarterik izan.

Segituan, lanean jarri zuten. «Gurasoek ezin ninduten mantendu, eta neskame joan nintzen», esan du. Etxean ez ezik, landan ere egin zuen lan. Olibondoetara bidali zuten, oliba biltzera. Bertan ezagutu zuen bere senarra izango zena, Antonio Garcia. Urteetan batera ibili ziren landan. Elkarrekin hiru alaba izan zituzten, eta bi seme.

Bost seme-alaben artean, egun gazteena baino ez da bizi, Paqui Garcia. Amari, baina, Francisca Garciari, ez diote kontatu alaba bakarra geratzen dela bizirik. Semeetako bat oraindik bizi dela pentsatzen du. «Hil zenean, ez genion amari kontatu nahi izan, atsekaberik ez izateko», azaldu du alabak.

1970ean, Francisca Garciaren senarra hil zen, eta bakarrik geratu zen. Orduan, Nafarroara gonbidatu zuen alabak. «Batetik, herrian bakarrik ez egoteko, eta, bestetik, seme-alabak hazten laguntzeko», azaldu du Paqui Garciak. Geroztik, 43 urte inguru daramatza Burlatan Francisca Garciak. Nafar bezain jaendar sentitzen dela dio, «erdi eta erdi». Alaba ere kontent dago, ama alboan duelako: «Hiltzeak pena handia emango dit. Badakit hilko dela noizbait, eta hala ere...», esan du triste.

Bizitza osoan, aldaketa handiak ikusi ditu Garciak bere inguruan. Jaio zenean ez zegoen autorik, «soilik zaldiek tiratzen zituzten gurdi horiek» zeuden. Telebistarik ere ez zen herrian, ezta irratirik ere. Gerora, Garciak halako gailuak ezagutu bazituen ere, behin ere ez diote arreta handirik deitu. Telebistan, behin baino gehiagotan azaldu izan da hainbeste urte bizi izanagatik. «Itsua naizenez, ezin izan dut neure burua telebistan ikusi. Pena da», esan du.

Etxeko gailuak gainontzeko tramankuluak baino gehiago erabili izan ditu, baina, hala ere, «nahiko gutxi». Gauzak «lehengo erara» egitea gustatzen zaio. Mikrouhin labea erabili izan zuen, «behin edo behin», baina hori ere ez zitzaion gustatzen. Garbigailua ere ez du begi onez ikusten. «Ez da garbigailuarekin fio. Beti eskuz garbitu du arropa guzti-guztia», azaldu du Paqui Garcia alabak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.