Arratoia izanagatik, ederra

Getariako San Anton mendian jende asko ibiltzen da paseoan; itsasargiraino joaten dira gehienak, baina badira tontorrera igotzera animatzen direnak ere, handik ikusten den paisaiaz gozatzera.

Asfaltozko bidea itsasargiraino iristen da; inguruan harrizko aulkiak daude, atseden hartzeko edo itsasora begira egoteko. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Getaria
2013ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Arratoia deitzen diote. Ez zikina delako, formagatik baizik. Zarautzetik Getariara doan bidetik begiratuta (Gipuzkoa), itsas gainean igerian dabilen arratoia ematen du San Anton mendiak. Lurrari loturik dago, ordea; Getariako portuari, zehazki. Eta paseatzen dabilen jendea handik hasten da mendira igotzen, portutik, Gaztetape hondartzaren albotik.

Geziak adierazten du norabidea, gorantz: «San Anton parkea». Bidearen hasieran, berriz, autoei pasatzea galarazten dien bi zutabe daude. Oinez edo bizikletaz, ez dago beste modurik tontorrera igotzeko. Bidea patxadatsua da, ordea, eta ibiltariak lasai ederrean abiatzen dira. Bidean aurrera, kaioen hotsa eta portuko makina eta kamioiak entzuten dira. Ikuspegia, berriz, zoragarria da: Getaria osoa ikusten da, itsasoaren gainean.

Asfaltozkoa da bidea, zabala, eta harrizko horma baxua du ertzean. Goizeko eguzkiak gogor jo arren, zuhaitz ugariek itzal ederra egiten dute, eta beroa jasangarriagoa da. Gizonezko gehienak, hala ere, kamiseta kenduta doaz bidean gora. Asfaltozko bideari zuzen jarraitzen diote gehienek; beste batzuek, ordea, bidezidorretatik aurrera egitea erabakitzen dute, zuhaitz eta hosto artean ezkutatutako parajeen bila.

Bidetik desbideratu eta bidezidorrean gora eginez gero, itsasora begira dauden balkoi ederrak aurki daitezke. Baita eskultura moduan jarritako traktore zahar bat ere. Haren alboan dago Iñigo Montoia, txakurrarekin jolasean. Pilotarekin alde batera eta bestera, gustura dabil txakurra. Getariarra da Montoia, eta, orain Almerian (Espainia) bizi bada ere, urtero etortzen da. «Hemen nagoenean, egunean bi aldiz igotzen naiz San Anton mendira», adierazi du, txakurra ingurutik bidali ezinda dabilen bitartean. «Beti izan dugu ohitura hona igotzeko; gaztetan, kuadrillarekin askotan etortzen nintzen, meriendatzera». Montoiaren gazte denboratik, ordea, asko aldatu da mendia. Orain garbiago eta txukunago dagoela dio. «Jende asko ibiltzen da; dena den, gehienak itsasargiraino heltzen dira, eta ez dira tontorrera igotzen».

Bide nagusiari jarraituta, segituan heltzen da itsasargira. Kaioen soinua olatuen talka hotsekin nahasten da bertan. Haizeak, berriz, gogor jotzen du, eta, momentu batez bada ere, eguzkiaren sargoria ahazten du ibiltariak. Harrizko aulkiak daude itsasargiaren magalean, atseden hartzeko nahiz itsasoari begira egoteko. Askok, argazkia ateratzeko ere baliatzen dute lekua.

Itsasargian egonaldi bat egin eta indarrak berreskuratuta, behera abiatzen dira berriro gehienak. Badira, ordea, gora jarraitzen dutenak, tontorrera. Itsasargitik abiatuta, eskailera batzuk igo behar dira tontorrera iristeko, baina ez da bide luzea. Azken ahaleginak merezi du, ikuspegia ederra baita. Eraikin zahar bat ere badago, eta garai batean leihoak izandako hutsuneetatik garbi ikusten da itsasoa.

Jose Aranbarri azkoitiarra eraikinaren ondoan dago, itsasoari begira, atseden hartzen. «Bistak izugarriak dira». Zarautzen pasatzen du uda, eta urtean bizpahiru aldiz igotzen da San Antonera. «Asko gustatzen zait, mendia eta itsasoa, biak dituelako». Aranbarriri ere gaztetako oroitzapenak ekartzen dizkio mendiak, gurasoekin bazkaltzera joaten zenekoak. «Hemen leku zoragarriak daude bazkaltzen egoteko».

Tontorra atzean utzi eta bidean behera bisitariak dena ikusi duela uste duenean, arrokan zizelkatutako irudiak antzematen dira bat batean: bi arrantzale eta emakume bat. San Anton ezusteko atseginez beteriko mendia dela ohartzen da, orduan, paseatzera baino joan ez dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.