Bat ez, bi iPhone berri

Apple konpainiak iPhone 5C eta iPhone 5S izeneko gailuen berri eman du. Lehenengoa oso merkea izango da, 75 euroren truke eskuratu ahalko baita. Bigarrena, berriz, aurrekoen jarraipena izango da.

jon eskudero
Donostia
2013ko irailaren 11
00:00
Entzun
Badira sei urte Steve Jones zenak lehen iPhone sakelakoa aurkeztu zuela. Sakelakoen sektorea astindu zuen teklatu fisikorik gabeko gailu hark, eta iraultza teknologikorako bidea ireki. Gaur egun, asmakizun berriekin sektorea txunditzea zailagoa izanagatik, ikusmin handia piztu zuen atzo Apple etxeak Kalifornian egin zuen aurkezpenak. Aurrez bolo-bolo zebiltzan zurrumurruetako batzuk ziurtatu zituzten. Hain zuzen ere, iPhone 5C eta iPhone 5S deituriko gailu berriak aurkeztu zituzten. «Negozioa oso handia zen, eta iPhone 5a ordezkatzeko bi gailu merkaturatu ditugu», esan zuen Appleko zuzendari nagusi Tim Cookek. Bi gailu berri horiek hilaren 20tik aurrera eskuratu ahalko dira, besteak bestek, AEBetan, Kanadan eta Txinan. Euskal Herrian abendura arte itxaron beharko da.

iPhone 5C izeneko gailuak ekarriko du berrikuntzarik nabarmenena. Duela urtebete ezinezko kontua bazirudien ere, soilik 99 dolarren truke (75 euro inguru) erosi ahal izango baita iPhone bat. Eta ez Txinan soilik, mundu guztian baizik. Cooken esanetan, «mila eta mila bezero gehiago izango ditugu modu horretan». iPhone 5C merkeena, 99 dolarren truke salduko dutena, 16 GBekoa izango da. 32 GBekoak, berriz,199 dolar balioko du (150 euro). Hori bai, herrialde bakoitzean prezio bat izango dute, telefono enpresaren araberakoa.

Bost koloretan eskuratu ahalko da iPhone 5C-a: berdean, zurian, urdinean, arrosean eta horian. Nonbait, jende gaztearengana heltzeko helburua dute. Gainera, plastikozkoa izango da ia erabat. Lau hazbeteko pantaila izango du —iPhone 4ak bezalakoa—, eta kamera ere kalitate onekoa izango duela jakinarazi dute: zortzi megapixelekoa. Horretaz gain, A6 prozesadorea izango du, eta LTE (G) abiadurarekin bateragarria izango da.

Bestelakoa izango da iPhone 5Sgailua. Garestiagoa. Izan ere, orain arteko iPhone guztien jarraipena izango da. Hiru koloretan egongo da salgai: gris ilunean, urre kolorean eta zilarrean. iPhone 5aren abiadura bikoiztu egingo du, gainera. Bestela esanda,2007an merkaturatu zen lehenengo iPhone gailua baino 56 aldiz bizkorragoa. Ez hori bakarrik, Touch ID izeneko sistema bat ere izango du. Sentsore bat edukiko du, eta hatz marken bidez desblokeatu ahal izango da sakelakoa. Aplikazioak deskargatzeko ere sistema hori erabili ahal izango da. Dena den, erabiltzailearen esku egongo da aukera hori jartzea.

Botoi bat edo beste ere ezberdina izango du iPhone 5S-ak. «Sakelakoa erosoago erabili ahal izango da horrela», Cooken ustez. Bateriari dagokionez, berriz, ez da inolako aitzakiarik izango. Elkarrizketa batean hamar ordu luze iraungo duela jakinarazi dute. «Hamar egun irauteko gaitasuna izango du». Kamera ere orain arteko gailuek baino hobea izango du. Hamar argazki egin ahal izango dira segundo bakar batean, eta, ondoren, onena aukeratu. Flashak, berriz, argiztapen bikoitza edukiko du.

iOS 7, sistema operatibo berria

Apple konpainiak beste berritasun baten berri ere eman zuen atzoko agerraldian. Besteak beste, iPad eta iPhone gailu mugikorretarako duen sistema eragilearen azken bertsioa plazaratu baitzuen: iOS 7. Cookek aurreratu zuenez, «milioika pertsonak gaur bertan deskargatuko dute sistema. iOS 7 deskargatzea gailu berri bat edukitzea bezala izango da». Sistemak berrehun hobekuntza baino gehiago eskainiko ditu. Estetika berria izango du, eta argazki albumaren antolaketa ere, berria. Horretaz gain, bideoak grabatzeko sarbide azkarragoa edukiko du. Hilaren 18an eskuratu ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.