Hiru egun epea betetzeko

Hamabi egun pasatu dira Getxoko portu zaharretik 'Sirenoa' desagertu zela. 'Bahituta' daukate oraindik, eta herritarren artean denetariko iritziak dauzkate ekintza horren harira.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Getxo
2013ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Portuko paretan karratu bat osatzen duten harri argi batzuk daude. Desagertutako hiru metroko obra baten itzala osatzen dute harri horiek. «Ez dago hor, aztikeria bat balitz bezala desagertu da», dio Jose Antonio Contreras getxotarrak. Hamabi egun beteko dira gaur Getxoko (Bizkaia) portu zaharreko horman zegoen Sirenoa desagertu zenetik. Baina ez du itsasoak eraman. Bahituta daukate, eta erreskatea udalaren esku dagoela adierazi dute bahitzaileek. Hiria Antolatzeko Plan Orokorrari (HAPO) kritika egiten diote, eta hura salatzeko egin dute ekintza.

Algortako portu zaharra ohiko pasealekua da Getxoko herritarrentzat. Goiz zein arratsaldez ehunka dira Areeta auzotik portu zaharrerako ibilbidea egiten dutenak. Sirenoa aurrez ikusten zuten horiek guztiek. Zeresan handia ematen ari da bahiketa herritarren artean. Iritziak ere era guztietakoak dira. Batzuei grazia egin die ekintzak, eta beste batzuentzat baldarkeria bat izan da. Dena den, despistaturen bat edo beste ere bada, desagertu ostean Sirenoa-ren existentziaren berri izan duena.

«Aldarrikapenak egitea zilegi bada ere, beste era batzuetan egin behar dira gauzak», dio Contrerasek. «Portua hobeto dago Sirenoa gabe», aitortu du Jose Luis Redondok irriz, ekintzaren balorazioetan sartu gabe. Begoña Arrondori «grazia» egin dio. Irri eginez aitortu du ez zaiola txarto iruditu egin dutena, ezta hori askatzeko egin dituzten aldarrikapenak ere. «Gauzak aldarrikatzeko era bat da, beste gauza batzuengatik arduratuta egon beharko luke udalak, eta ez Sirenoa desagertu izanagatik».

Oso ideia ona iruditu zaio David Alvarezi. Baina bahiketaren arrazoietan arrazoi gehiegi nahastu direla dio. Orokorrean, Getxoko Sirenoa-gatik galdetzean, barre egiten du Algortako portu zaharretik paseatzen ari den jendeak.

Marcos Lopez argentinarrak Getxophotorako egindako obra bat da Sirenoa. Udalak turistak erakartzeko helburuarekin jarri zuen 2011n, 30.000 euroren truke.

Itzultzeko baldintzak

Abenduaren 9an, galdera ikur baten marrazkia agertu zen Sirenoa zegoen tokian, eta hurrengo egunean bahiketaren berri ematen zuen bideo bat zabaldu zuten Interneten. Bertan obraren erreskaterako komunikatua irakurtzen dute. Bi eskari nagusi egin dituzte bahitzaileek: batetik, etxebizitza edo industria pabiloi gehiago ez eraikitzea beste batzuk hutsik dauden bitartean; eta bestetik, Algortako Telletxe eta Areetako Xake plazetako bertako zuhaitzen kimuen mila ale herritarren artean zabaltzea. 15 eguneko epea eman diote udalari eskaeraren bat bete, eta Sirenoa itzultzeko, eta gaur bete da hamabigarren eguna.

HAPOri kritika egiten diote bahitzaileek, eta salatu dutenez, planaren inguruan Getxoko Udalak gidatutako eztabaidek ez dute aldaketa sozialik eragingo: «Demokrazia behetik gora eraikitzen da, ez alderantziz». Hori aldarrikatu nahi dute: hiria antolatzeko planaren inguruan eztabaida parte hartzailea egitea eta herritarrek beraiek erabakitzea. «Bizi garen munduan, baliabide naturalak mugatuak dira, eta hazkundea, aldiz, mugagabea da». Eta indarra eman nahi izan diote ideia horri. Oraingoz, ez dirudi udalak ezer beteko duenik, Getxoko alkate Imanol Landak hitz gogorrekin salatu baitu ekintza. Egileek Getxoko herriarekiko errespetu falta eta intolerantzia erakusten dutela adierazi du. Erromoko Auzokideen Elkarteak, ordea, bat egin du bahitzaileen eskaerekin. Gainera, Landaren jarrera gaitzetsi dute; diotenez, aldarrikapena helburu duen ekintza bat kriminalizatu nahian ari da.

Asteazkenean beteko da bahitzaileek eskaerak betetzeko emandako hamabost eguneko epea. Ikusiko da zer gertatzen den Getxoko Sirenoa-rekin, portu zaharrera itzuliko den edo bere itzala portuan geratuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.