Proposamenak

Sorginen dantzalekua

Atxarrera doan ibilbidea Bermeon hasi eta bukatzen da. Osteratxoak Urdaibaiko biosfera erreserba ezagutzeko aukera ematen du

Atxarre tontorrean dagoen baseliza. PISAKAMPAS.
Nerea Lauzirika.
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Kostaldean dago Bermeo (Bizkaia), Busturialdeko kostaldean, hain zuzen ere. Urdaibaiko biosfera erreserban dago, eta, beraz, ezagutzea merezi duen ingurune natural bat dago herrian. Atxarre tontorrera doan PR-BI 161 ibilbideak horretarako aukera ematen du.

Txangoa ez da oso luzea, zortzi kilometro eta erdi baino gutxiago baititu: bi ordu eta 45 minutuan egiteko modukoa da. Gainera, ibilbide zirkularra da, eta, beraz, erosoa da Bermeora autoz joan nahi duenarentzat. Badago herrira garraio publikoa erabiliz joatea ere, bidearen hasieratik oso hurbil baitago autobusaren geralekua.

Ibilbideak Kanala auzoa du abiapuntu. Zehazki, Kanala auzoko aparkalekua. Handik, San Martin baselizarantz abiatu behar du ibiltariak. Behin ermitara helduta, PR ibilbideek izan ohi dituzten marka hori eta zuriei jarraitu behar zaie ia bide osoan.

Baseliza atzean utzi, eta gorako bidea hartu beharra dago, artaditik. Artadian dagoen lurra berezia dela nabarituko du ibiltariak, substratu karstikoa baitago. Gainera, bidean aurrera egin bitartean, ibilbidea basoko arte kantauriar altuek inguratzen dute. Goranzko bidean jarraitu behar da, Dantzalekuko bidegurutzera heldu arte.

Akelarrea bidegurutzean

Dantzalekuko bidegurutzea lautada bat da. Kondairek diotenaren arabera, sorginak han batzen ziren akelarreetan dantza egitera: hortik omen datorkio izena bidegurutzeari. Edonola ere, ibiltariak ez du sorginik aurkituko. Izan ere, kondairaren arabera, herritarrek bedeinkatutako gatza bota zuten inguru horretan, sorginik gerturatu ez zedin.

Bidegurutzean, Atxarre tontorrerantz jotzeko, ibiltariak alde batera utzi behar du PR ibilbidea, bidegurutzeko seinaleei jarraituz. Ez da tontor altua: 312 metro baino ez ditu. Hala ere, Urdaibaiko talaiarik onenetakoa da; Oka ibaiaren estuarioa ikus daiteke handik, baita kostaldeko herriak, hondartzak, artadi kantauriarra eta bestelakoak ere. Ermita bat ere badago tontorrean.

Ikusi beharrekoak ikusi ondoren, beherantz egin behar da, berriz ere Dantzalekuko bidegurutzera heldu arte. Han, PR ibilbideari jarraitu behar zaio berriro. Gaztainondo batzuen ondotik, Akorda eta Gametxo auzoak zeharkatu behar ditu ibiltariak. Gero, Laida hondartzaren eta Arketa kanpinaren albotik igarotakoan, ibiltaria PR ibilbidetik irtengo da, hartan sartzeko erabilitako toki beretik. Handik aurrera egin, eta bidea hasitako toki berean bukatuko du, Kanala auzoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.