PROPOSAMENAK

Flyscha baino gehiago

Itsaslabarrek egin dute famatu Zumaia, baina Gipuzkoako kostaldeko herri horrek badu bisitariei zer eskainia itsasertzeko arrokez harago

Santiago hondartza eta Zumaiako herrigunea. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Urola ibaiak Zumaian (Gipuzkoa) isurtzen ditu urak Kantauri itsasora. Duela milioika urte, ur horiek garraiaturiko sedimentuek osatu zituzten flyscheko arrokak. Azken urteetan, itsasertzeko tolestura horiek milaka turistaren argazkietan agertu dira. Geologiaren altxor horren eta Urola ibaiaren artean dago erdigune historikoa. Zer ikusi ugari dago bertan, eta, herriko bi hondartzekin batera, udarako helmuga paregabea bihurtzen du Zumaia.

Hainbat eraikin deigarri biltzen ditu kresalez perfumaturiko alde zaharrak. Bertan daude, besteak beste, Ubillos, Zumaia eta Olazabal jauregiak. Halere, guztien artean bat da nagusi: San Pedro parrokia. Herriaren babesle lanak egiten ditu harrizko eraikin sendoak. Ez du ia apaingarririk: gotorlekua gehiago dirudi eliza baino. Barnean, ordea, sekulako ondarea gordetzen du: Joanes Antxeta eskultore entzutetsuak eginiko erretaula, Gipuzkoan kontserbatzen den artista azpeitiarraren obra bakarra.

Harrizko kale aldapatsuetan gora, bisitaria San Telmora iritsiko da. Marinelen zaindariari eraikitako ermitak Kantauri itsasoaren ikusmira zabala eskaintzen du. Beste begiratoki bat, Algorrikoa, ermitatik 500 metrora dago. Itsasoan barneratzen den lurmuturraren puntatik, ia Debarainoko itsaslabarrak ikus daitezke.

San Telmotik zein Algorritik igarotzen da flyscharen ibilbidea. Hamabost kilometro ditu itsasbazterretik Zumaia eta Deba lotzen dituen bidexka horrek. Norbere kabuz, Euskal Kostaldeko Geoparkea bisitatzeko eta ibilaldi polit bat osatzeko aukera ona da. Osterantzean, flyscha ezagutzeko bisita gidatuen eskaintza zabala dago. Itsasontziz zein oinez bertaratu daiteke. Bisiten ordutegiak, prezioak eta gainerako informazio guztia Geoparkea.eus webgunean ageri da. Bertan, Zumaiako herrigunea ezagutzeko hainbat bisita ere badaude. Web orrialdean edo Zumaiako turismo bulegoan egin daitezke erreserbak.

Itsaslabarrez gain, Zumaiako itsasertzak baditu beste interesgune batzuk. Flyscharen oinetan dago Itzurun hondartza, Zumaiako erdigunetik gertuen dagoena. Ibaiaren beste aldean dago Santiagokoa. Udan, herrigunetik itsasontziz joan daiteke. Oinez edo bizikletaz ere iritsi daiteke. Kirol portuaren albotik igarotzen da bidegorria. Baita Z Kultur Espaziotik ere, Zuloaga margolariaren lantoki izandakotik.

Pandemia dela eta, bi hondartzek edukiera mugatua dute aurtengo udan. Sarbideetan dauden semaforoek adierazten dute ea tokirik badagoen. Bestela, Nik Hondartzak aplikazioan ere kontsultatu daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.