Errepideak. 2018ko balantzea

Zazpi bizitza hilabetean

Errepidean 87 lagun hil dira 2018an, aurreko urtean baino bat gutxiago. Bikoiztu egin da hildakoen kopurua Bizkaian. Gizonak dira zendutako lau lagunetik hiru
Hiru lagun hil ziren apirilean Cintruenigon, bi autok ezbeharra izanda; tartean, 3 urteko neskato bat.
Hiru lagun hil ziren apirilean Cintruenigon, bi autok ezbeharra izanda; tartean, 3 urteko neskato bat. FORUZAINGOA

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko urtarrilak 2
Errepideko istripuetan hildakoen kopuruak zerikusi gutxi du duela urte batzuetakoekin, baina jaitsiera mantsotzen hasi da. BERRIAk bildutako datuen arabera, 87 pertsona hil dira Euskal Herriko errepideetan 2018an, aurreko urtean baino bat gutxiago. Gutxienekoa 2016ko balantzean agertu zen: 82 lagun. Datuak perspektiba handixeagorekin begiratuta, nabaria da eboluzioa. Hara: 2018an, zazpi lagun hil dira hilabeteko; orain sei urte, 2012an, 11 lagun zendu ziren hilabeteko. Are atzerago begiratuta, hobeto ikusten da aldea: Nafarroan 33 lagun hil dira 2018an, eta 2001ean, 108. Istripuetan hildakoen kopurua nabarmen murriztu zen 2000ko hamarkadan, Hego Euskal Herrian puntukako gidabaimena ezarri zutenean. Jaitsiera mantsotu dela ikusita, neurriak hartzekoak dira erakundeak.

Nafarroan bertan ageri da hildakoen kopururik handiena: 33. Izatez, ia salbuespenik gabe ageri da Nafarroa buruan urtez urteko balantzeetan; kontuan izatekoa da alde nabariarekin dela hedadura handieneko herrialdea. Hildakoen kopurua igo egin da Nafarroan: 2017an baino bost pertsona gehiago zendu dira errepideetan.

Igoera esanguratsuagoak izan dituzte, hala ere, Araban eta Bizkaian. Hamahiru lagun hil dira Araban, aurreko urtean baino lau gehiago. Epe luzeagoan begiratuta, hamarkada honetako hildako kopuruaren batezbestekotik gora dago 2018ko datua —soilik 2016an zendu zen jende gehiago Araban—. Bizkaian igoera adierazgarria da urtebetekoa, bikoiztu egin baita hildakoen kopurua: zortzitik hamaseira. Kontuan izatekoa da, ordea, 2017ko datua ezohikoa izan zela. Hamarkadako batezbestekotik behera dago 2018ko kopurua.

Txanponaren beste aldea dute Gipuzkoak eta Lapurdik: jaitsiera. Gorabehera handiak izan dira azken urteetan Gipuzkoan, igoera eta jaitsiera oso handiak. 2015eko datuek kezka handia eragin zuten —31 lagun hil ziren—, eta 2017koek ere bai —22 hildako—. 2018ko datua hamarkadako batezbestekoa baino hobea da: hamahiru hildako. 2014an soilik izan ziren gutxiago. Lapurdin ere antzekoa da joera. Gorabehera handiak urtez urte, baina 2018ko zenbakia batezbestekotik behera: hamar hildako.

Nafarroa Beherean pertsona bat hil da istripuz 2018an, aurreko urtean baino hiru gutxiago. Hamarkadako batezbestekotik behera dago zenbaki hori. Baita Zuberoakoa ere: hildako bat han ere.

Istripu gutxiago

Hildakoen kopurua apenas jaitsi den, beraz, baina istripu gutxiago izan dela diote Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren zenbakiek: 2017an baino %2,5 gutxiago. Zauriturik eragin ez duten istripu arinak jaitsi dira batik bat.

Hildako bat baino gehiago eragin duten zazpi ezbehar izan dira 2018an, eta horietako bitan, hiru lagun hil dira. Lehena apirilean gertatu zen Cintruenigon (Nafarroa): bi autok izan zuten istripua, eta hil egin ziren 3 urteko neskato bat, 70 urteko gizon bat eta 77 urteko emakume bat. Bigarren ezbeharra Urruñan (Lapurdi) izan zen abenduan: auto batek eta kamioi batek elkar jo zuten, eta bi gizonezko eta emazte bat hil ziren.

Garraiobideari begiratuta, auto gidariak eta bidaiariak ageri dira buruan (38), baina kontuan izatekoa da pare-parean dagoela hildako motozaleen kopurua (20) eta oinezkoena (19). Oinezkoei dagokienez, Iruñeko egoera bereziki da kontuan hartzekoa: bost lagun hil dira ibilgailuek harrapatuta —tartean, 4 urteko ume bat—. Oinezkoen harrapaketetan aldea dago generoaren arabera: hildako hiru andretik bat oinezkoa zen. Errepidean zendutakoak oro har hartuta, gizonak dira lautik hiru.

2019an neurri gehiago hartzekoa da Espainiako Gobernua. Bigarren mailako errepideen abiadura muga murriztea erabaki du oraintsu, eta puntukako gidabaimenean aldaketak egingo ditu, telefonoaren erabilera gogorrago zigortzeko: drogak hartuta gidatzeagatik adina puntu kenduko dituzte. Nafarroako Gobernuak kanpaina bat egitekoa du drogei buruz. Datu adierazgarri bat jakinarazi du: 2017an Nafarroan errepide ezbeharretan zendutakoen %44 drogen eraginpean zihoazen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna