Abortua El Salvadorren. Alba Lorena Rodriguez. Abortuagatik preso

«Espetxean, pobreak gaude; aberatsak ez dira hona ailegatuko»

El Salvadorko Estatuak «emakumea zapaltzen» duela salatu du Rodriguezek. Aldatzen lagundu nahi du bera bezala dauden emakumeen egoera, espetxetik lekukotza emanez: 30 urteko zigorra du gainean.

Alba Lorena Rodriguez, espetxean, epai irmoa jaso aurretik ateratako irudi batean. BERRIA.
Zurine Rodriguez
San Salvador
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Alba Lorena Rodriguezek (San Salvador, 1988) beix koloreko uniformea darama jantzita, epai irmoa daukaten presoen eguneroko arropa da hori; epaiketa itxoiten dutenena, ordea, zuria da, lihozko alkandora eta praka eta telazko zapatilak, «astunegia» San Salvadorren egiten duen berorako.

Rodriguezi 30 urteko zigorra ezarri zioten, eta jadanik bederatzi egin ditu preso Ilopango espetxean, gogorrenetakoa, preso dentsitate handiena biltzen duten herrialdeko presondegien artean. Beste hamasei emakumerekin partekatzen du bere bizitza, guztiak homizidio larriagatik kondenatuak. Gutxi ausartzen dira, ordea, testigantza ematera. Alba Lorena Rodriguez da horietako bat. Estigmak, errepresaliak jasotzeko beldurrak eta irekiak dituzten doluek beraiena isilean gordetzera behartu dituzte beste guztiak. Emozioari eutsiz eta begiak negarrez blai BERRIAren galderei erantzun die: «Hitz egitea biziki sendagarria da niretzat, eta, gainera, El Salvadorren bizitzen ari garen egoera larria erakusteko ere baliagarria izan daiteke».

Patioaren txoko batera ekarri gaituzu elkarrizketa egitera. Zergatik?

Seguruagoa da. Emakumeen kartzeletan bi maretako kideak daude elkarrekin, Salvatruchakoak eta 18koak, eta horrek egunerokoa korapilatzen du. Harremanak askotan ez dira errazak, haientzako hiltzaileak gara, eta beraien errespetua irabazi behar dugu. Presondegira ailegatu garenean gutako batzuk jipoitu gaituzte, gure delituaren inguruan mito eta mamu asko eraiki direlako. Horren ondorioz, emakume batzuk ezkutuan betetzen dute beren kartzela zigorra.

Zuen artean ez duzue denok elkar ezagutzen?

Orain, gehienok bai. [ACDA] Abortua despenalizatzeko herritarren mugimenduko kideak kartzela barruan lan egiten hasi zirenean, elkarren artean ezagutzeko aukera sortu zen. Bakarrak ez ginela ohartu ginen, eta, ordutik, familia bihurtu gara, elkarren artean zaintzen diren horietakoa. Lotsa eta beldurragatik beraien kasua ezagutaraztera ausartu ez direnen egoera judiziala oso zaurgarria da, kolektiboaren babes falta dutelako eta abokatuekin harremanik ez dutelako.

Nolakoa da zure bizitza espetxe honetan?

Bi kidek ohe berean lo egiten dugu, janaria ezin okerragoa da, argazkiak edukitzea debekatuta dago, baita gutunak jasotzea ere, eta edozein aitzakiarekin zigortzen gaituzte. Nik, adibidez, kartzelaz aldatzeko eskari bat egin nuenean sei hilabete bidali ninduten bakartze ziegara. Nire eskubidea zen, baina hemen ez dugu eskubiderik. Beste kide bat ilea motzegi mozteagatik eraman zuten edo elkarren artean musukatzeagatik. Edozerk balio du. Hobekuntza batzuk lortu ditugu, biodantza eskolak, adibidez, baina ez da nahikoa.

Bederatzi urte preso. Nola ailegatu zinen honaino?

Inoiz ez nuen imajinatu espetxeratuko nindutenik, eta berriz haurdun geratzea ez zegoen nire desioen artean. Bi alaba nituen ordurako, baina nire desioak nire nebari ez zitzaizkion axola. Ni hiltzearekin mehatxatzen ninduen, eta oso gustuko zituen armak gainera. Beraz, egun batean, pistola hartu, eta alabari jarri zion. Mehatxu hori nire kontra egiteko erabili zuen. Beldurtu nintzen, eta ezer ez egiteko eskatu nion. Orduan, beste bi lagunekin batera bortxatu ninduen. Bi aste igaro zirenean, haurdun nengoela konturatu nintzen. Ez nekien umea norena zen, eta beldur handia nuen amari eta bikotekideari esan behar niela pentsatzen nuen bakoitzean.

Zer erabaki hartu zenuen orduan?

Haurdunaldia aurrera eramatea. Abortatu nahi izango banu, jakin bezain pronto egin izango nukeen. Nirea ez zen abortua izan. Haurdunaldiko bosgarren hilabetean ama hil zen, eta kolpe gogorra izan zen niretzat; bakarrik geratu nintzen. Mundua gainera jausten zitzaidala sentitu nuen; nahiago nukeen anaiak hil izan banindu. Gainera, sabel barruko mugimendua eten egin zen, eta abenduaren 23an etxean erditu nintzen. Zerbait gaizki zihoan. Konortea galdu nuenean, umea lurrera erori zen, eta, esnatzean, morea eta pultsurik gabe aurkitu nuen. Hilda zegoen.

Hori guztia gertatu eta gero, zer moduz sentitu zinen?

Nahasia eta oso triste. Alaba agurtzeko beilatzea erabaki nuen, baina atsedenik ez. Polizia gaubeilan agertu, eta atxilotu ninduen. Ezin sinetsi. Nire bizilagunak deitu zien abortatu nuela abisatzeko. Etxetik kartzelara zuzenean eraman ninduten, polizia etxetik eta epailearen aurretik pasatu gabe.

Fiskalak homizidio larriaren zigorra eskatu zuen zuretzat, zigorrik handiena, 30 urtekoa. Nola jaso zenuen berria?

Egia esan momentu horretan ez nuen imajinatzen bizitza guztia egongo nintzela kartzelan. Inork ez zidan ezer azaldu. El Salvadorko Estatuak emakumeak zapaltzen ditu, ez dago errugabetasun presuntziorik, ezta epaiketa duin baterako bermerik ere. Espetxean gauden gehienak pobreak gara, aberatsak ez dira inolaz ere hona ailegatuko. Espetxeak irakatsi dit hori.

Gu ezin gara babestu, dirurik ez dugulako. Niri, adibidez, ofiziozko abokatu bat jarri zidaten, eta epaiketaren egunean ez zen agertu. Han zebilen gizon bat abokatu lanak egitera ausartu zen, baina agerikoa zen zuzenbideaz ezer gutxi zekiela. Aste pare bat igarotakoan, gizon bat etorri zen bisitan, epailearen laguna zela esanez, eta 30.000 dolar eskatu zizkidan [26.650 euro] nire askatasunaren truke. Nik ez nuen behar adina diru, eta nire aurkako epaia atera zen: 30 urteko espetxealdia.

17 koen kanpaina martxan jarri zenean horietako bat izan zinen. Nola izan zen hori guztia?

Esperantza berreskuratu nuen, indultua jasotzeko ilusioa sortu zitzaidan, baina ezinezkoa izan zen. Hala ere, ez dut esperantza galdu. Teodora Vasquezi indultua ematea oso pauso garrantzitsua izan zen guretzat, eta, gainera, gaur egun emakume asko askatzea lortu dugu. Noizbait nire txanda ailegatuko da, ezta? Jainkoa nire ondoan egon da beti, eta, horri esker, erotu barik aurre egiten diot egunerokoari leku lazgarri honetan.

Kalera ateratzeko esperantza horri helduz, nola imajinatzen duzu zure bizitza askatasunean?

Borrokatzen! Gure gorputzarekin nahi duguna egiteko eskubidea lortzearen aldeko borrokan. El Salvadorren abortua legeztatuta egotearen alde egingo dut. Nire bizitzari dagokionez… hirian bizitzea gustatuko litzaidake, nire alabak maiz ikusiz eta gizonekin harreman intimoak eduki barik; jadanik ez dut eurengan interesik, ezta konfiantzarik ere. Orain, emakumeak ditut gustuko.

Abortuagatik giltzapetuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.