Koronabirusa

147 lagun hil dira COVID-19ak jota azken astean Hego Euskal Herrian

Beste 837 positibo atzeman dituzte asteartean. Hegoafrikako mutazioa Iparraldera heldu da

IgG eta IgM antigorputzak aztertzeko test serologikoa. NACHO GALLEGO / EFE.
Uxue Rey Gorraiz - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Azaroaren erdialdeaz geroztik izandako daturik makurrena erregistratu da azken astean heriotzei dagokienez: Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskainitako datuen arabera, koronabirusarekin eri ziren 147 lagun hil dira otsailaren 1etik 7ra bitarte Hegoaldean, aurreko astean baino hamar gehiago. Azken astean hildako 147etatik 121 zendu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; gainerako 26ak, berriz, Nafarroan.

Gainera, Nafarroan herenegun izandako beste hiru heriotzarenberri eman zuen atzo foru gobernuak: birusarekin eri ziren 89 eta 90 urte bitarteko bi emakumezko eta gizonezko bat zendu ziren.

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, beste 837 kasu positibo atzeman zituzten herenegun Hego Euskal Herrian. Bizkaian, 407 kasu detektatu zituzten; Gipuzkoan, 208; Araban, 121; eta Nafarroan, 89. Zehazki, 16.479 test egin ziren asteartean Hegoaldean, eta horien %5ek eman zuten positibo. Aipatzekoa da Nafarroako datua: positiboen ehunekoa %2,9 da. Osakidetzak egindako testetan, %5,6.

Erietxeei dagokienez, herenegun 105 lagun eraman zituzten ospitalera birusaren sintomak larriagotuta. Azken datuen arabera, 677 gaixo daude gela arruntetan ospitaleratuta, eta 193, berriz, ZIUetan.

Hegoafrikako mutazioa

Koronabirusaren Hegoafrikako aldaeraren Ā«bizpahiruĀ» kasu atzeman dituzte Ipar Euskal Herrian, Eskualdeko Osasun Agentziak baieztatu duenez. Izan ere, otsailaren 1etik, PCR proba eta antigeno test guztietan aztertzen dute birusaren aparteko aldaerarik ba ote den.

Hegoafrikako aldaera atzematean, kutsabideak argitzeko protokoloa indartu dute: hurbileko kontaktuez gain, hurbileko kontaktuen kontaktuak ere kontuan hartzen dituzte. Bestalde, bakartze denbora luzatu diete Hegoafrikako aldaera dutenei: zazpi egunetik hamar egunera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.