Donostian gizon bat atxilotu dute emakumeak grabatzea leporatuta

Genero-indarkeria delituengatik bi gizon atxilo hartu dituzte, bata Gasteizen eta bestea Bilbon, bikotekidea jotzea egotzita

Asteburuko erasoak gaitzetsi zituzten atzo Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Donostiako festetan 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizaldean, emakumeen intimitateari erasotzea leporatuta. Kamerak jarri zituen emakumeek pixa egiten duten leku batean, eta haiek grabatu zituen. Hain justu, lurretik kamera txiki bat jasotzen harrapatu zuten ertzainek gizona. Polizien arabera, guztira sei kamera eta hainbat bideo zituen mugikor bat atzeman zizkioten.

Ez da festetako lehen asteburuan izandako eraso bakarra. Larunbat gauean emakume batek salatu zuen ukituak egin zizkiolako gizon batek. Udaltzaingoa gertaera ikertzen ari da. Mugimendu Feministak eta Piratek erasoak gaitzesteko elkarretaratze bat egin zuten atzo iluntzean. Udalak, berriz, gaur eguerdian egingo du, Alderdi Ederren.

Portugaleten ere (Bizkaia) protesta egin zuten igandean, ostiral gauean aurrejaietan izandako eraso matxista bat salatzeko.

Jai eremutik kanpo ere bai

Bestalde, hiru gizonezko atxilotu dituzte eraso matxistei lotuta. Igandean gizon bat atxilotu zuten Bilboko Miribilla auzoan, kalean bikotekidea jotzea leporatuta. Bilboko Udalak erasoa gaitzetsi du, eta emakumearen eskura jarri ditu genero indarkeriaren arreta eta prebentzio baliabideak.

Gasteizen, berriz, 28 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbat eguerdian, bikotekidea jotzea eta heriotza mehatxua egitea egotzita. Andreak etxeko komunean babestu behar izan zuen Udaltzaingoa iritsi arte.

52 urteko beste gizon bat atxilotu zuten Gasteizen, igandean. Kutxa automatiko batean emakume bat inguratu eta hari jazartzeagatik atzeman zuten. Andreak ihes egitea lortu zuen, beste emakume baten laguntzaz.

Agoitzen ere (Nafarroa), ikerketa bat abiatu dute igande goizean jazotako beste eraso sexista baten inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.