Oraindik ere urrun

Otegik dio ez dela «hurbiltzerik» izan aurrekontuen gaian. Urkullu, berriz, beldur da EH Bilduk «zorabioa» izango duen ituna egiterakoan
Iñigo Urkullu, atzo, Bilboko Euskalduna jauregian egindako hitzaldian.
Iñigo Urkullu, atzo, Bilboko Euskalduna jauregian egindako hitzaldian. MIGUEL TOÑA / EFE

Gotzon Hermosilla -

2018ko abenduak 6
Denbora badoa, eta eragile nagusiak —EAJk eta PSE-EEk osatutako Eusko Jaurlaritza alde batetik, eta EH Bildu bestetik— mezu kontrajarriak igortzen ari diren arren, oraingoz ez du ematen jarrerak hitzarmena egiteko bezainbeste hurbildu direnik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuei dagokienez.

Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak, Gobernu batzordearen ohiko bileraren ostean, esan zuen jarrerak «gerturatu» egin direla azken egunotako batzarretan, baina EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik oso bestelako ikuspegia erakutsi du Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean. Otegiren arabera, «egiturazko gaietan» ez da «benetako hurbiltzerik» izan, eta berriro esan du Jaurlaritzak orain arteko jarrerari eusten badio ez dela aurrekonturik egongo.

EH Bilduk bi baldintza jarri ditu bere taldeko bi legebiltzarkidek abstentzioa emanda aurrekontuei atea ez ixteko: pentsioak osatzeko, enplegua sustatzeko eta soldata arrakalaren kontra borrokatzeko «diru nahikoa» bideratzea, eta «egiturazko aldaketak» egitea politika ekonomiko eta sozialetan. «Norabide horretan ahaleginik egiten ez bada, ez da aurrekonturik egongo», ohartarazi du Otegik.

Erkorekaren adierazpenei dagokienez, Otegik esan du «hurbiltzea» eta «urruntzea» kontzeptu subjektiboak direla, eta onartu du nolabaiteko hurbiltze bat egon dela «aurten behintzat herri honen errealitateaz eztabaidatzen ari garelako, eta ez Jaurlaritzak aurkeztu nahi duen Disneyland horren inguruan». Baina «egiturazko gaietan» eta EH Bilduk egindako eskaerei dagokienez «benetako hurbiltzerik» ez dagoela berretsi du.

«Ahaleginik handiena»

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk ere aurrekontuak izan ditu hizpide, eta esan du «ahaleginik handiena» egiteko prest daudela aurrekontuak aurrera ateratzeko. Horretarako, «zorroztasunez eta erantzukizunez» ari dira negoziatzen, eta bazter utzi nahi dituzte «frustrazioa eragin dezaketen planteamendu maximalistak» edo Jaurlaritzaren eskumenak gainditzen dituzten eskaerak.

Urkulluk esan duenez, «negoziatu nahi izan duenarekin» ari dira negoziatzen, haren ustez gainerako indar politikoek euren burua utzi dutelako negoziazio esparrutik kanpo.

PPri leporatu dio «aurrekontuetatik kanpoko arrazoiek» bultzatu dutela jarrera hori hartzera, esaterako, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu ohiaren kontrako zentsura mozioari EAJk emandako babesak edo EAJk eta EH Bilduk estatus berriaren auzian duten akordioak; eta Elkarrekin Podemosi ere egotzi dio «errealistak» ez diren eskakizunak aurkeztuz negoziazio prozesutik kanpo kokatu direla. Gainera, «kontraesana» ikusi du jarrera horren eta Espainiako aurrekontuen auzian Podemosek erakutsitako «errealismoaren» artean.

Edozein moduz, Urkullu ez dago guztiz ziur EH Bildurekin izaten ari diren negoziazioak fruiturik emango ote duen, eta esan du ez dakiela koalizio subiranistak azkenean «zorabioa» sentituko ote duen Eusko Jaurlaritzarekin adosteko aukeraren aurrean, «Jaurlaritza EAJk eta PSE-EEk zuzentzen dutela jakinda».

Urkulluk berretsi du pentsio apalak diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez osatzeko bideak eta enplegu politikak izaten ari direla negoziazioaren gai nagusiak. «Ahalegina» egiten ari direla azaldu du, baina, betiere, «defizit eta zorraren arloan jarritako helburuak betez».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna