Arriskuak araudian

Espainiako Kongresuan talde parlamentarioa osatzeko dauden arauek EH Bildu, ERC eta BNGri zaildu egiten diete bozetarako koalizioa osatzea

Joan Tarda (ERC) eta Arnaldo Otegi (EH Bidu), bostekoa ematen elkarri, 2016ko irailean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz esnaola
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
EH Bilduk, ERCk eta BNGk, juridikoki batera aurkeztuko balira,araudi aldetik arriskuak lituzkete datorren legealdian talde parlamentarioa osatzeko Kongresuan, eta horrek zaildu egiten die Espainiako Gorteetarako apirilaren 28ko hauteskundeetarako koalizioa osatzea. Dena dela, azkenean koalizioa ez eratuta ere, Europako maiatzeko bozetarako osatuta daukaten Orain Errepublikakkoalizioaren izaerari eusteko asmoa daukate, formula batekin edo bestearekin. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak larunbatean esan zuen «Espainiako Estatuak bizi duen inboluzio demokratikorako alternatiba bakarra» Madrilen datorren legealdian «ezkerreko subiranistak erabakigarriak» izatea dela.

Kongresuko araudiko 23. artikuluak esaten du hautagaitzabatek gutxienez hamabost diputatu lortzen baditu osa dezakeela talde parlamentarioa. 2016ko hauteskundeetan, ERCk bederatzi diputatu erdietsi zituen; EH Bilduk, bi eta BNGk, batere ez; hiruren artean, 11. Orain inkestek diputatu gehiago ematen dizkiote ERCri: dozena bat aulki inguru. Balizko koalizioak hamabostera ez heltzeko arriskua luke.

Araudiko 23. artikulu beraren arabera, hautagaitzek badute beste modu bat talde parlamentarioa eratzeko: gutxienik bost aulki lortzea, baina, horretarako, aurkeztutako herrialde bakoitzean botoen %15 behar dute, edo estatu osoan %5. ERCk, EH Bilduk eta BNGk nahikoa zail lukete estatu osoan botoen %5era iristea. 2016an, kasurako, ERCk %2,63ko babesa eskuratu zuen; EH Bilduk, %0,77koa eta BNGk, %0,19koa;batura: %3,59 —860.000 boto—.

Bestalde, 2011n Amaiurren aurrekaria dago. Zazpi diputatu lortu zituen Hego Euskal Herrian, baina ez zuen probintzia bakoitzean %15eko langa gainditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bai, baina Nafarroan, diputatu bat eskuratu arren, %14,86an geratu zen, eta Kongresuko Mahaiko zerbitzu juridikoek erabaki zuten Amaiurrek talde parlamentario propioa ez izatea. PPk gehiengo osoa zeukan Kongresuan, eta Mahaia kontrolatzen zuen. 2013an, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere ezezkoa eman zuen. Aldiz, 2004an, ERCk taldea osatu zuen zortzi diputaturekin, Bartzelonako barrutian %14,09 bildu zuen arren, araudiak dakarren %15era iristeke. Kongresuko Mahaiak —PSOEk irabazi zituenbozak— zioen ERCk ordezkaritza eskuratutako barrutien baturan %15 (%15,89) gainditu zuela.

ERCk eta EH Bilduk euren eremuetan indar handia duten arren, BNG Galizian ez da iristen, inondik inora, barrutietan %15era.

Joan den larunbatean Otegik Iruñean, EH Bilduren Batzar Nazionalean iragarri zuen laster «albiste onak» izatea espero duela ezkerreko indar subiranisten batuketaz. Hark otsailaren 17an planteatu zuen horrelako hautagaitza bat sortzea Espainiako hauteskundeetarako. «Eskuin atzerakoia geratzeko eta Espainiako Estatuak behar duen demokratizaziora urratsak egingo dituen gobernuaren jarduna baldintzatzeko berme bakarra subiranisten, errepublikazaleen eta aurrerakoien batuketa elektorala eta politikoa da», idatzi zuen, blogean. Europako bozetako «batuketa ariketa bera» egitea proposatu zuen —orduan Kanariar Uharteetako, Asturiasko eta Aragoiko alderdiak ere badoaz Orain Errepublikak-en—. «EH Bilduk horretan sinesten du, eta hor egongo da».

Gutxienekoekin programa

Otegik deritzo «gutxienekoen programa politikoa» behar dela: autodeterminazio eskubidea; presoak eta erbesteratuak; eta eskubide sozialak. 2013ko otsailean, Amaiurrek, ERCk eta BNGk herrien autodeterminazio eskubidea estatuko araudian sartzeko lege proiektu bat aurkeztu zuten Kongresuan. Asmoa ez zen atera.

Larunbateko Batzar Nazionalean, apirileko hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko prozedura onartu zuen EH Bilduk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.