Albistea entzun

«Memoriaren pedagogia kritikoa» egitera deitu du Eusko Jaurlaritzak

Terrorismoaren Biktimen Europako Egunean ekitaldi bat egin dute erakundeek Donostian
Ordezkari politiko eta instituzionalak, atzo, Donostian eginiko ekitaldian.
Ordezkari politiko eta instituzionalak, atzo, Donostian eginiko ekitaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2019ko martxoak 12 - Donostia

Indarkeria oro «bidegabea» dela azpimarratu eta «memoriaren pedagogia kritikoa» egitera deitu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Martxoak 11 zen atzo, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna, eta, horren harira, Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat egin zuen Donostian, Bidegabea izan zen. Gizartea eta biktimak elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz izenburupean. Ordezkaritza politiko eta instituzional zabal bat bildu zen bertan, eta, musika emanaldi baten ostean, Iñigo Urkulluk bi «oinarri demokratiko eta etiko» ezarri zituen bizikidetzarako baldintza gisa: «Giza eskubideak eta aniztasuna».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeetako hainbat ordezkarik hartu zuten parte egitasmoan; besteak beste, bertan izan ziren, Urkulluz gain, Jaurlaritzako sailburu guztiak, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Jesus Loza Espainiako Gobernuko ordezkaria, Manu Lezertua arartekoa, Markel Olano eta Ramiro Gonzalez Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiak, Imanol Landa Eudeleko presidentea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Eneko Goia Donostiakoa...

Alderdi politiko gehienek ere ordezkaritza bat bidali zuten, eta Alderdi Ederreko lorategietan izan ziren, besteak beste, Iñigo Iturrate eta Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea eta Alfonso Alonso PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidentea. EH Bildu osatzen duten indarren artean, EAko kideak joan ziren ekitaldira, Pello Urizar idazkari nagusia tartean. Ordezkari politikoekin batera, biktima ugari ere joan ziren: ETAk, Komando Autonomo Antikapitalistek, GALek eta Batallon Vasco Españolek hildakoen senideak eta ETAk zauritutakoak.

Indarkeria «guztien» biktimei mezu bera bidaltzeko beharra nabarmendu zuen Urkulluk: «Bidegabea izan zen». Aitzitik, berariaz aipatu zuen ETAren indarkeria, lehenbizi, eta BVE eta GALena, ondoren: «ETAren indarkeriaren injustizia baloratu beharra dago, batez ere biktimei eta haien senideei egindako kalte bidegabeari dagokionez». Bost arrazoi eman zituen horretarako: «Denboran zehar luzatu zelako; inposaketa politikorako asmoa izan zuelako; trantsizioaren, amnistiaren eta Gernikako estatutuaren ondoren iraun egin zuelako; izan zuen babes soziopolitikoagatik; eta, batez ere, sortutako giza kalte konponezinen larritasunagatik».

GAL eta BVEren biktimen kasuan, Urkulluk azaldu zuen gertatutakoa «bidegabea» izan zela adierazteak esan nahi duela «gogoratzea indarkeria horrek biktimak eta oinazea eragin zituela, ez zela beti aitortua izan eta, kasu batzuetan, ez zela ikertu ere egin». Urkulluk erantsi zuen biktima guztiek «egia, justizia eta erreparazioa» izateko eskubidea dutela, eta ondoriozatu: «Inoiz ez zuen gertatu behar, inoiz ez da errepikatu behar».

Aurten ere EH Bilduk erabaki du ez parte hartzea Jaurlaritzaren ekitaldian, kritiko agertu baita leloarekin. Indar subiranistako koordinatzaile Arnaldo Otegik uste du gobernuaren asmoa dela EH Bilduren «posizio politikoa higatzea», eta horregatik egin diote uko koalizio gisa parte hartzeari. Otegiren iritziz, «hauteskundeak datozen garaiotan, nolabaiteko interesa dago agenda politikora gai zehatz batzuk eramateko, ziur aski ez dutelako ezer esateko».

Iruñean, elkarretaratzea

Iruñean ere elkarretaratzea egin zuten atzo, eta Nafarroako Gobernuko eta parlamentuko ordezkariek hartu zuten parte; besteak beste, Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak eta Ainhoa Aznarez legebiltzarreko presidenteak. Isilune bat egin ondoren, Ana Ollo Harreman Instituzionaletarako kontseilariak «elkartasuna» adierazi zien «indarkeria terrorista bidegabea, zilegitasunik eta justifikaziorik gabea jasan duten biktima guztiei». Gasteizko Udaleko talde guztiek ere elkarretaratze bat egin zuten eguerdian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Josep Pages, Mertxe Aizpurua, Gabriel Rufian eta Roberto Uriarte. ©BERRIA

ZULO ILUN BEZAIN SAKONA

Iosu Alberdi

Azken asteetan azaleratutako espioitza kasuez hitz egiteko eseri dira mahaiaren bueltan EH Bilduko, Unidas Podemoseko, ERCko eta JxCko ordezkariak. Kezka adierazi dute gobernuaren geldotasuna dela-eta, eta ondorioztatu arazoaren muina estatuaren egituretan dagoela.
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren sakelakoa aztertua izan da, baina ez dute ezer atzeman. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Garbi, baina kezka eragin du bi gobernuetan

Joxerra Senar Edurne Begiristain

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak goi karguen sakelakoak ikertu ditu eta lehen emaitzaren arabera, ez dute Pegasusen aztarnarik topatu bilaketa horretan.
Sare mugimendu herritarreko kideak, gaur goizean, Orozkon egindako agerraldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Alaitz Aramendi presoari «bizi osorako zigor ezkutukoa» jarri diotela salatu du Sarek

Olatz Enzunza Mallona

Bizi osorako zigorrik ez! Alaitz etxera lelopean, 7/2003 eta 7/2014 legeen aplikazioen ondorioz sortutako egoera salatuko du Sarek kanpaina batean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.