Cabezudo argazkilaria epaitu egingo dute, 21 emakumeri erasotzeagatik

Instrukzio epaileak aintzat hartu ditu modeloek jarritako salaketak, eta 47 delitu leporatu dizkio
Auzia salatzeko Donostiako Bulebarrean eginiko elkarretaratze bat.
Auzia salatzeko Donostiako Bulebarrean eginiko elkarretaratze bat. JON URBE / FOKU

Jokin Sagarzazu -

2019ko uztailak 11
Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak amaitu du Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako auzi nagusiaren instrukzioa, eta epaiketarako bidean jarri du kasua. Cabezudori 47 delitu leporatu dizkio gertakariak ikertu dituen Julian Garcia Marcos epaileak. Sumarioan 21 emakumeren salaketak jaso ditu. Cabezudorekin modelo jardun zuten, eta, besteak beste, baimenik gabe irudi pornografikoak zabaltzea eta sexu erasoak egitea egotzi zioten.

Epaileak sexu askatasunaren aurkako delituak antzeman ditu lau emakumeren kasuetan; zortzi kasutan, adingabeak galbidean jartzea; hamahirutan, intimitate urratzeak; hamazazpitan, iruzurra; eta bostetan, osotasun moralaren aurkako delituak. Alegia, emakume batzuen kasuan delitu bat baino gehiago leporatu dizkio instrukzio epaileak Cabezudori. Horiez gain, sexu abusuekin loturiko beste sei kasu jaso ditu autoan, baina horiengatik ez dute epaituko, preskribatuta baitaude.

Cabezudok modaren arloko argazkiak egin zituen hainbat hamarralditan; besteak beste, First Models agentziarentzat lan egiten zuen, eta sona eta onespena zituen inguruan. Azken urteotan, hainbat salaketa jarri dituzte haren kontra. Iazko maiatzetik, preso dago.

Instrukzio epaileak argazkilariaren jokamoldea deskribatu du. Haren kontaketaren arabera, kasu gehienetan kontratu bat sinatzen zuen modeloekin. Saioetan, biluzarazi egiten zituen, hitzemanez irudietan organo sexualak ez zirela azalduko. Gero, argazki horiek ordainpeko webgune pornografikoetan jartzen zituen, emakumeen baimenik gabe. Cabezudok modeloei hitzemana zien irudiak ez zituela helburu horretarako erabiliko, eta kontratuetan ez zen horri buruzko aipamenik egiten. Kasu batzuetan, emakumeen baimenik gabe ere egin zituen argazkiak.

Cabezudok, gainera, saio horiek baliatzen zituen sexu erasoak egiteko; gutxienez lau kasutan antzeman ditu horren zantzuak epaileak. Besteak beste, bortxaketa bat jaso du autoan. Haren arabera, argazkilariak modelo bati mehatxu egin zion, esanez hari biluzik egindako argazki guztiak Interneten jarriko zituela, baginako sarketa egiten uzten ez bazion. Horren beldur, emakumeak men egin zuen. Horixe bera behin baino gehiagotan egin zuela azpimarratu du epaileak.

Ordurako, biktimak 18 urte baino gehiago zituen, baina adingabea zela hasi zen erasoak pairatzen. 14 urte zituenean, Cabezudok neska hori biluzik ageri zen argazkiak jarri zituen Interneten, eta, autoaren arabera, gaur egun arte egon dira ikusgai. 15 urterekin egin zizkion lehen sexu erasoak; besteak beste, behatzekin baginako sarketa egin zion behin.

Adingabeekin loturiko kasu gehiago azaltzen dira autoan. Epaileak dio gutxienez 18 urtez azpiko beste zortzi modeloren argazkiak jarri zituela Cabezudok webgune pornografikoetan. Neska horiek galbidean jartzea leporatu dio argazkilariari.

Auzipetze autoarekin batera, beste bi auzibide zabaltzeko eskatu du epaileak. Bata, kontratuen faltsutzeekin loturikoa, eta bestea, hamabost webguneri buruzkoa. Azken horrekin lotuta, hainbat pertsona ikertzen ari dira.

Udazkenerako espero dute

Oraingoz, bi auzibide ditu zabalik, eta beste salaketa ugari ari dira ikertzen. Orain arte, Cabezudo bakarrik auzipetu dute. Urtarrilean epaitu zuten aurrenekoz, eta erruduntzat jo zuten: bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten, hertsatze delitu bat egotzita, auzi nagusian lekuko gisa deklaratzera deitutako emakume bati xantaia egiteagatik.

Sumario nagusiari buruzko auzipetze autoa hil honen hasieran kaleratu du auzitegiak. Orain, epaimahaia osatu beharko du, eta defentsak eta akusazioek euren idatziak eta absoluzio ala zigor eskaerak aurkeztu beharko dituzte. Akusazio partikularrak udazkenerako espero du epaiketa hastea. Bitartean, Cabezudok preso jarraituko du; hala berretsi du epaileak auzipetze autoan. Iazko maiatzaz geroztik, Martuteneko espetxean (Gipuzkoa) dago, behin-behinean eta kautelazko neurri gisa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna