Egiak dakar argia

Mikel Zabalzaren arreba Idoiak eta Rober Manrique ETAren biktimak lekukotza eman dute parlamentuan, Foro Sozialak antolatutako saioan

Rober Manrique, Fernando Rey eta Idoia Zabalza, atzo, Nafarroako Parlamentuko ganberan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Duela hiru hamarkada, bizitza goitik behera aldatu zitzaien. Foro Sozialak gonbidatuta, atzo, Nafarroako Parlamentuan Idoia Zabalzak eta Rober Manriquek bere lekukotza eman zuten. Lehena Guardia Zibilak tortura pean hildako Mikel Zabalzaren arreba da; Manrique, berriz, ETAk Hipercorren 1987an egindako atentatuan zauritu zuen ETAk, larri. Bi indarkeria kasuok eragindako minaz eta orbanaz hitz egin zuten, Iruñean. Biek azaldu zuten egia dela erreparazioaren iturburu. Manriqueren arabera, «dolu prozesua diferentea da», jakinez gero nork egin duen atentatua eta zergatik. «Zuek ez duzue halakorik», onartu zion Idoia Zabalzari, eta hark erantzun zion erreparazioa jasotzeko «lehen urratsa egia izatea» dela. Egiak dakar argia.

Parlamentuko ganberan egin zen mahai ingurua, Fernando Reyren gidaritzapean. Ordubete inguru iraun zuen saioa bien arteko solasaldi bihurtu zen tarte batzuetan. Ganbera beterik zen ia; hainbat parlamentari zeuden, baita Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria ere.

Hipercorrekoa ETAk bere historian egindako atentaturik lazgarrienetakoa da: 21 hildako eta 45 zauritu eragin zituen. Horietako bat zen Rober Manrique. Haren esanetan, erasoaren bezperan aldatu zitzaion bizitza, halabeharrez. Lankide baten premiaren ondorioz, laneko txanda aldatu egin zion. Larrialdietatik esnatuta, ospitaleko langile bati atentatua zela entzun zion arte, lan ezbeharra zela uste izan zuen. Ordu hartan bere semea haurtxo bat besterik ez zen, eta handik hilabeteetara etxeratu zenean umeak ez zuen ezagutu. «Nor da gizon hau?», galdetu zion amari.

Zabalzaren kasuan, hain justu, atzo 34 urte bete ziren Guardia Zibilak Mikel eta beste bi anaia atxilotuta eraman zituela. «Asteak eman genituen bilatzen eta zain, pentsatuz azkenean gertatu zena ez zela gertatu, Intxaurrondoko kuartelean hil zutela». Egun haietan zein gerora jasotako elkartasunak balio izan die zauria zertxobait arintzeko. Egun haietan «shock egoeran» ziren, eta gerora ere «beldurraren presioa» nabaritu zuten. «Beldurra pasatzean, jada ez genuen gorrotorik; edo bestela, ez gara gorrotoa duten horietakoak».

«Ezta geu ere», erantzun du Manriquek. Haren ustez, egia izan eta erreparazioa jasota berriro halakorik ez gertatzeko bermea da garrantzitsuena. «ETA jada ez dago, nahiz eta batzuek faltan botatzen dutela dirudien». Biktimen artean, denetariko ikuskerak daudela azpimarratu arren, gehienek «jarrera positiboa» dute, haren ustez: «Inork ez dezala guk bizitakoa bizi behar izan. Gutxi batzuk kenduta, ez dugu iraganetik bizi nahi, gertatutakoarekin bizitzen jakin nahi dugu».

Manriqueren ustez, ona litzateke beste indarkeriaren biktimek ere aitortza izatea, eta hori ulertzen ez duten politikariei enpatia ariketa egiteko eskatu zien. Zabalzaren irudiko, ordea, politikari horien gainetik beste arazo bat dago: «Estatuak ez du gertatutakoa argitzeko borondaterik. Estaltzeko borondate irmoa du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.