Koronabirusa

Azkoien, ia bakartuta

Bihartik, ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, ezingo da herrian sartu edo irten. Edukiera erdira jaitsiko dute, eta tabernak 22:00etan itxiko dituzte

Azkoienen lasaitasuna zen nagusi atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Azkoien
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Bihar gauerditik, bigarren fasean izango da Azkoien, berritasun berezi batekin: ezin izango da herritik sartu edo irten, salbuespeneko arrazoiekin izan ezik, eta foruzainek zein guardia zibilek kontrolatuko dituzte errepideak. Udalarekin hitzartuta, Nafarroako Gobernuak foru agindu bat onartu du, hainbat neurri murriztaile ezartzeko. Batetik, ostalaritzarekin lotutakoak: 22:00etarako itxi beharko dituzte ateak, edukiera erdira murriztuko da, eta gehienez sei lagun zerbitza daitezke. Ostalaritzak ez ezik, saltokiek eta bestelako negozioek ere pertsona kopurua erdira murriztuko dute. Gainera, kiroldegi, kultur etxe eta eraikin publikoak itxi egingo dira.

Neurri horiek atzo iluntzean azaldu zituen gobernuak, eta horien edukia zehatz-mehatz jakin aurretik, Juan Carlos Castillo alkateak arduraz jokatzeko deia egin zien herritarrei, konfinamenduaren aukera mahai gainean dagoela ohartaraziz. «Bide horretatik goaz, tamalez». Izan ere, eskualdeko gainerako herrietan bezala, zabaltzen ari da koronabirusa, eta azken lau egunetan ehundik gora positibo atzeman dituzte: herenegun soilik 32 detektatu ziren —100.000 biztanleko 1.700 positiboko tasa da hori—.

Neurri guztiak guztiz ezagutu aurretik, atzerapauso horren aurrean, kezka nabari zen Azkoiengo herritarren artean. Luis Frances pentsiodunak, adibidez, «zentzuzkotzat» jo zituen neurriak. «Egoerak kezkatu egiten gaitu. Biloba dugu etxean konfinatuta, eta, azkenean, kokoteraino eginda gaude honekin guztiarekin», esan zuen gogaitu keinua eginez.

Bere larrian, «normala»

Felix Eskirotzen ustez, filosofiaz hartu behar da egoera, bere berezian normala delako gertatzen ari dena. «Jendea harritu egiten da, asaldatu eta izutu, baina azkenean toki guztietan gertatuko da. Ez dakit eguraldi aldaketa den edo zer... Ez dakigu nondik datorren piztiatxo hori, nola hartzen den». Konfinamenduaren itzala nabari da herrian:. «Pozik egon gaitezke estatua ixten ez badute. Ez dute egingo ezin dutelako egin».

Kasuen igoeraren zergatia hizpide da herrian. Normalean festak irail hasieran izaten dira, eta ofizialki jairik izan ez bazen ere, egun horietan festa giroa izan zen herrian. Akelarre tabernako Aritz Eskirotzek egun horietan itxi egin zuen ostatua, «zer zetorren ikusirik». Dena den, haren ustez, debekuak eta murrizketak ez dira konponbidea, arazoa baizik. «Etxetik atera ginenetik banekien irailerako edo urrirako berriro itxita egongo ginela». Haren arabera, gizartearen funtsetako bat sozializazioa da, eta logikoa da jendearen jarrera. «Horren aurrean, konponbideak eman ordez, kriminalizatu egiten da». Eskirotzen irudiko, «normala ez dena da maskarak eramatea eta neurriak hartuta kasuek gora egitea». Ohartarazi du neurri gogorrek ustez lortu nahi duten helburuaren kontrakoa ekartzen dutela: «Terrazetan jendea kontrolatuta dago; aire zabalean, eta udan, ordutegia zabaldu ordez, murrizketak ezarri dituzte. Zer lortu dute? Jendea lagun eta familia giroan biltzea, toki itxietan. Egin behar denaren kontrakoa».

Kontrara, izenik ematea nahiago ez duen emakume talde batek nabarmendu du isunak garaiz ez jartzea dela arazoa. «Festak edo ez-festak direla, hor ibili dira udan musika ekitaldiak eta bestelakoak prestatzen, baina zertarako? Gastatu zezaketen diru hori beste edozertan».

Ana Francesek kiroldegiko atarian egiten du lan, eta atzo arratsaldean ez zioten oraindik jakinarazi itxiko zutela. «Kiroldegian, neurriak zorrotz betetzen ditugu, eta erabiltzaileei irizpideak ondo azaldu. Baina kulparik ez duenak ere ordainduko du orain...». Haren ustez, Azkoienen, oro har, zera gertatu da: herritar guztiek bete behar lituzketela administrazioak ezarritako irizpideak, baina denek ez dutela jaramon egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.