Koronabirusa

Etxeratze agindua izanen da Paris inguruan eta beste zortzi metropolitan

Larunbatetik aitzina, eta sei astez, 21:00etatik 06:00etara ezingo da kalera atera. Ipar Euskal Herrian, sei lagun elkartu ahalko dira gehienez

Emmanuel Macron, Frantziako presidentea. LEWIS JOLY / POOL / EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Bigarren olatuan gaude». Horrela hasi zuen hitzaldia atzo Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Neurri murriztaileak ezarri ditu «birusa aktiboen dagoen» lekuetan. Ile-de-France eskualdeak eta beste zortzi hiri nagusik etxeratze agindua bete beharko dute, 21:00etatik 06:00etara, larunbatetik aitzina. Sei astez iraungo du neurriak osasun larrialdian dauden hirietan: Grenoblen, Lillen, Lyonen, Rouenen, Saint-Etiennen, Aix-Marseillan, Tolosan, eta Montpellieren.

Etxeratze agindua indarrean dagoen ordutegietan, ostatuek hetsirik egon beharko dute, publikoa hartzen duten beste egitura guztiek bezala. Egunotan zehaztekoa du Macronek zein izanen diren etxeratze agindua gainditzeko «salbuespen egoerak», hala nola lana edo osasun arrazoiak.

Frantziako Poliziak kontrolak eginen dituela zehaztu zuen, eta agindua errespetatzen ez duenak 135 euroko isuna ordaindu beharko du. Neurri horrengatik gehien hunkiak diren lan sektoreek «egoeraren araberako diru laguntzak» ukanen dituztela segurtatu zuen, eta langabezia partziala berriz aktibatuko dutela. Telelana bultzatzeko erabakia enpresen eta lantegien esku utzi du Macronek.

Bestalde, gaineratu zuenez, ez da izanen Frantziako Estatuko eskualde batetik bestera mugitzeko neurri murriztailerik. Omiasainduko bakantzak heldu direla eta, debekurik ez du iragarri, baina «arduraz jokatzeko» eskatu du Macronek.

Neurri «arinagoak»

Etxeratze agindua ez den lekuetan, eta, beraz, Ipar Euskal Herrian, hamar pertsonatik sei pertsonara murriztu ditu Macronek elkarretaratzeak, ostatuetan eta leku publikoetan. Horrez gain, maskara ezartzen, probak egiten, eta distantziak errespetatzen segitu beharko dute herritarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.