Koronabirusa

Sekuentziazioa arintzeko eskatu du ECDCk, aldaera berriak garaiz atzemateko

Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroaren arabera, «lagin gutxiegi» aztertzen dituzte Europako herrialde gehienetan

Zientzialari talde bat laborategian, artxiboko irudi batean. FERNANDO BIZERRA / EFE.
Ion Orzaiz.
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Gehiago, azkarrago. ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak eman du abisua: «bizkortu» egin behar da COVID-19a izan dutenen laginak sekuentziatzeko prozesua. Lagin gehiago aztertu, denbora tarte laburragoan. Helburu bikoitza du sekuentziazioak: alde batetik, birusaren aldaera berrien kasuak azkarrago atzematea; bestetik, jakitea aldaera horiek noraino hedatu diren.

ECDCko zaintzaburuak, Bruno Cianciok, Europako Parlamentuko Osasun Publikoko Batzordean egin zituen adierazpenok, eta azaldu zuen Europako herrialde gehienetan ez dituztela SARS-CoV-2aren laginak «behar bezala» sekuentziatzen: «Otsaileko azken egunetan, bederatzi herrialde bakarrik ari ziren aldaera berriak detektatzeko eta monitorizatzeko adina lagin aztertzen». Zehazki, positibo guztien %5 sekuentziatzeko helburua jarria du Bruselak, baina kopuru horretatik oso urrun dira oraindik herrialde gehienetan: «Langa horretara iritsi ezean, oso zaila izanen da zehazki jakitea zenbateraino dauden hedatuta Erresuma Batuko, Hegoafrikako eta Brasilgo aldaerak».

Baliabiderik ez duten herrialdeei laguntze aldera, ECDCk eta Europako Batzordeak eskuragai jarri dute sekuentziazio genomikoko zerbitzu bat eta, hilabete batean, 3.000 lagin baino gehiago jaso dituzte Europako Batasuneko hainbat herrialdetatik. Hala ere, Cianciok azpimarratu zuen hori baino aukera «iraunkorragoa» izanen litzatekeela ikerketan inbertitzea: «Luzera begira, estatuek hobe lukete langile gehiago kontratatu eta formakuntzan inbertitu, laginak beren kabuz sekuentziatu ahal izateko».

COVID-19aren aldaera berrien ezaugarriei dagokienez, ECDCko buruak esan zuen kutsakortasun handiagoak ez duela izurriaren aurkako estrategia zeharo aldaraziko: «Birusaren aldaera hauek jatorrizkoa baino kutsakorragoak badira ere, orain arteko neurriak baliagarriak dira eta are zorrotzago bete beharko genituzke aurrerantzean ere».

Hain zuzen, sekuentziazio genomikoak egiten hasi den lurraldeetako bat da Nafarroa. Iragan astean hasi ziren Nafarroako Ospitale Guneko Mikrobiologia Klinikoko zerbitzuan COVID-19 izan duten pazienteen laginak hartzen, eta Nasertic enpresa publikoa arduratuko da horiek aztertzeaz.

Azaroan zabaldu zuten Nafarroako Sekuentziazio Masiborako Zentroa, eta honako hau izanen da baliabide horren lehen erabilera klinikoa. Nafarroako Gobernua prest azaldu da baliabide hori beste erkidego batzuen esku jartzeko, birusaren aldaerak detektatze aldera: «Sekuentziazio prozedura hau ezinbestekoa izanen da aldaera berrien portaera hobeki ezagutzeko», esan zuen atzo Santos Indurain Osasun kontseilariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.