Koronabirusa

Sagardui: «Ez dugu joera aldaketarik aurreikusten datozen egunotarako»

14.708 positibo atzeman dituzte Hegoaldean. Lehen arretako egoera «apur bat» hobetu dela esan du sailburuak, baina «tentsioan» dago

Lehen arreta «tentsioan» dagoela onartu du Sagardui sailburuak; irudian, Donostiako zentro bat. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Maite Asensio Lozano - Arantxa Iraola
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Goraldi betean da COVID-19aren transmisioa, eta osasun agintariek ez dakite noiz hasiko den apaltzen goranzko aldapa. «Ez dugu joera aldaketarik aurreikusten datozen egunotarako; adierazleek ez dute horretarako zantzurik ematen», onartu zuen atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Herenegun beste 14.708 kasu atzeman zituzten Hego Euskal Herrian: 11.572 positibo detektatu zituen Osakidetzak (proben %39,4), eta 3.136 Osasunbideak (%45,5). Sagarduik ohartarazi zuen, gainera, Eguberrietako jende topaketen ondorioak ikusteko daudela oraindik: «Adi jarraitu behar dugu». Nafarroan koronabirusak jota bi pertsona hil direla jakinarazi du gobernuak.

«Kutsatze egoera txarrean gaude», berretsi du sailburuak. Omikron aldaeraren eraginari egotzi dio transmisioari lotutako kopuruak handitu izana. Azken egunotako gorakadaren dimentsioa erakusteko, intzidentzia metatuaren datua nabarmendu du: hamalau egunetan 100.000 biztanleko 4.898,55 da orain; astebetean 2.613 puntu igo da. «Aurreko astean mila puntukoa izan zen igoera». Erreprodukzio indizea, berriz, 1,41ean dago.

Intzidentzia handiak arazo handiak eragin ditu azken asteetan detekzio sistemetan eta lehen arretan. Zerbitzuon kolapsoa arintzeko, neurri batzuk hartu zituen lehengo astean Jaurlaritzak: COVID-19 kasuen jarraipena egiteko protokoloa aldatu zuen, eta, besteak beste, hainbat bide «telematiko» abiatu zituen gaitza dutela uste duten pertsonak eta haien kontaktuak osasun sistemarekin harremanetan jartzeko; gainera, jendeak norbere buruari testak egiteko guneak zabaldu ditu azken egunotan. Horiek horrela ere, lehen mailako osasun arretan «tentsioa» agerikoa dela onartu du Sagarduik: «41.000 pertsona baino gehiago daude lanean Osakidetzan. Gure langileen osasunak ere kezkatzen gaitu, haiek besteok zaintzen gaituztelako: %4 inguru daude bajan. Zerbitzuak indartzen ari gara kontratazioekin; besteak beste, erretiroa hartutako langileekin. Lehen arretan, egoera apur bat hobetu da, baina oraindik tentsioan dago oso». Osakidetzak abenduaren hasieran utzi zituen bertan behera gaixo kronikoen jarraipena egiteko kontsultak.

Norbere buruari test diagnostikoak egiteko guneak ere defendatu ditu Sagarduik: gaitzaren sintomak dituztenek edo haien kontaktuek antigeno testak egiten dituzte osasun profesionalen aurrean. Proba horiek, PCR testen ondoan, ezaugarri on bat dutela nabarmendu du sailburuak: «Test horien abantaila arintasuna da, eta kutsatze komunitarioko egoera honetan arintasunak badu garrantzia: helburua da jendeak ahalik eta azkarrena jakitea kutsatuta dagoen». Azaldu du osasun sistemak egunero 30.000 test inguru kudeatzen dituela: «Jai egunak izan diren arren, osasun zerbitzuak esfortzu handi bat egiten ari dira testak egiteko».

Ospitaleratzeei adi

Ospitaleetako egoerara begira, ez erlaxatzeko eskatu du Osasun sailburuak: «Ez gaitezen engaina itxuraz omikron aldaerak larritasun urriagoa duelako». Bete eta bete ari dira erietxeak: Hego Euskal Herrian, 750 lagun daude ospitaleratuta COVID-19arekin, horietako 154 ZIUetan. Datuon bilakaera azkarra erakusteko, adibide bat eman du Sagarduik: Eguberri egunean 3.000 pertsonak jo zuten larrialdietara, 300 ospitaleratu zituzten, eta horietako ehun COVID pazienteak ziren; herenegun bertan gaitzak jotako 105 paziente eraman behar izan zituzten Osakidetzaren ospitaleetara —Nafarroan, hamazazpi izan ziren—. Eta gaitzaren ondorioz osasun arazo larriak dituzten umeak ere badira: lau haur daude orain ospitaleratuta, horietako bi ZIUetan.

Hain justu, datorren astean umeak eskoletara itzuliko direla eta, Sagarduik azaldu du Hezkuntza Sailarekin harreman estuan ari direla, eta esperantza jarri dutela haurren txertaketan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 5 eta 12 urte arteko umeen %34k txertoaren lehen dosia hartua dute jada; beste 36.000 dosi jaso berri ditu Jaurlaritzak, eta gurasoei dei egin die txertatzeko ordua hartzeko. Baita gainerako herritarrei ere: «Errefortzu dosia da gure armarik onena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.