Klima larrialdia

Industriaren efizientzia energetikorako foroa sortzeko eskatu du Txibitek

Madrilek hartutako neurri energetikoak babestu ditu lehendakariak. Nafarroako Gobernuak ekarpenak egingo dituela iragarri du

inaut matauko rada
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea Sara Aagesen Espainiako Gobernuko Energia idazkariarekin izan zen atzo arratsaldean, Madrilek energia aurrezteko onartu duenerrege dekretuari eta Nafarroan hartu beharreko neurriei buruz hitz egiteko. Txibitek industriaren efizientzia energetikorako foroa sortzea gomendatu dio Aageseni; izan ere, presidentearen esanetan, energia asko kontsumitzen du industriak —Nafarroan, energia kontsumo guztiaren %38—. Hori dela eta, industrian ere «efizientzia energetikoa» egon behar dela esan du, eta Nafarroako Gobernuak horretan lagunduko duela gehitu du Txibitek.

Bien arteko bilera «oso emankorra» izan dela adierazi du presidenteak, eta abuztuaren 30a baino lehen ekarpenak egingo dituztela iragarri du. Izan ere, autonomia erkidegoek kritikak eta ekarpenak egiteko epea dute, abuztuaren 31 arte.

Ukrainako inbasioak sortutako egoera eta klima larrialdia direla eta, Txibitek dio inork ezin duela ukatu ona dela «energia efizientzian aurrerapausoak ematea», eta gehitu du onuragarria dela neurriak mahai gainean jartzea: «Uste dut proaktiboak izan behar garela, eta egiteko ekarpenik baduzu, egin, Nafarroako Gobernuak egingo duen moduan».

Apiriletik neurriak martxan

Nafarroak apirilean jarri zituen martxan eraikin publikoetan energia aurrezteko neurriak. Errege dekretu berriak bere barnean biltzen dituen irizpideen antzekoak zirela esan du Txibitek; hori dela eta, Nafarroako Gobernuak guztiz babestu ditu Madrilen neurriak.

Hidrogeno berdeari buruzko ESEPE ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoaren inguruan ere hitz egin dute bi aldeek, eta Nafarroa klima aldaketaren agendarekin «konprometituta» dagoela esan du presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.