Espainiako Gobernuak hautetsien forua kendu nahi du konstituziotik

Espainiaren manupeko lurraldeetan 250.000 forudun inguru daude, baina neurriak hautetsiei baino ez lieke eragingo. Erreforma azkar egin nahi dute

Pedro Sanchez, atzo, erreforma iragartzeko egindako hitzaldian. E. NARANJO / EFE.
gotzon hermosilla
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek iragarri du konstituzioa aldatzea proposatuko duela, hautetsiek duten foru berezia ezabatzeko. Foru horren arabera, hautetsiak eta goi mailako bestelako arduradunak —Espainiako gobernuburua, ministroak, diputatuak, senatariak, autonomia erkidegoetakoak, botere judizialeko arduradunak eta beste— auzitegi bereziek epaitzen dituzte delituren bat egozten dietenean, dagokien epaitegi arruntak epaitu beharrean.

Espainiako Gobernuak ez ditu oraindik eman proposamenaren xehetasun guztiak, baina badirudi bide azkarra erabili nahi dutela egitasmoa aurrera ateratzeko, eta Espainiako Kongresuan tramitazioa abiarazi eta 60 egunera sartu nahi dutela indarrean.

Espainiaren manupeko lurraldeetan, 250.000 forudun inguru daude. Horietatik gehienak Polizia eta Guardia Zibilaren agenteak dira: euren lan jardueraren ondorioz delituren bat egozten badiete, Probintzia Auzitegiak epaitzen ditu, ohiko epaitegia bazter utzita. Hala ere, badirudi hori ez dela aldatuko gobernuaren proposamena onartzen bada.

17.600 forudun inguru Espainiako erregea eta haren senitartekoak, hautetsiak eta botere judizialeko kideak dira. Espainiako Gobernuak argitu duenez, haietatik guztietatik hautetsiei baino ez liekete forua kenduko, eta betiere hautetsi moduan egiten duten jardueratik kanpoko kontuengatik epaitu behar badituzte.

Espainiako hautetsiek daukaten foru berezi hori ez da batere ohikoa inguruko herrialdeetan. Frantzian, Errepublikako presidentea, lehen ministroa eta gainerako ministroak baino ez dira forudunak. Portugalen eta Italian, berriz, presidentea da forudun bakarra, baina ohikoena izaten da forudunik ez izatea; hori da, esaterako, Alemaniaren, Erresuma Batuaren eta AEBen kasua. Forudunak egoteaz gain, hainbeste izatea eta berezitasun hori hain hedaturik egotea da Espainiako kasuan bakan egiten duena, adituek diotenez.

Atea zabalik

Forudunak desagerrarazteko, beharrezkoa da Espainiako konstituzioa aldatzea, eta horrek ezinbestez mahai gainean jartzen du konstituzioaren erreformaren gaia. Espainiako Gobernuaren asmoa erreforma mugatu bat egotea balitz ere, atea zabaltzen dio bestelako aldaketak proposatu eta egiteari.

Podemos, esaterako, pozik agertu da gobernuaren iragarpena dela-eta, baina argi utzi dute, haien ustez, Espainiako erregeak ere galdu beharko lukeela legezko estatus berezia, hautetsiekin batera. Podemoseko eledun Noelia Verak esan du aukera baliatu beharko luketela konstituzioan beste erreforma batzuk egiteko; adibidez, eskubide sozialak blindatzea.

ERCk antzekoa iritzia du: konstituzioa aldatu behar badute, aukera balia daiteke konstituzioan «[Espainiako] Estatua osatzen duten nazioen autodeterminazio eskubidea» ere aitortzeko, ERCko eledun Marta Vilaltak azaldu duenez.

Ciudadanos bat etorri da Espainiako Gobernuaren proposamenarekin. Erregearen kasuan, forudun izaten segi dezala proposatzen dute, baina prest agertu dira horren inguruan eztabaidatzeko. PPrena izan da kontrako erreakzio bakarra; haien ustez, proposamena «amarrua» da Kataluniako presoak Espainiako Auzitegi Gorenak epai ez ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.