Gizon bat atxilotu dute Corellan, haur pornografia zabaltzea leporatuta

Bi gizon atzeman dituzte Donostian, festetan emakume bati erasotzea egotzita. Gasteizen gizon bat atxilotu dute bikotekide ohia jotzeagatik

Poliziak atxikitako material informatikoa, artxiboko irudi batean. H.K.T / EFE.
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Corellan (Nafarroa) 42 urteko gizonezko bat atxilotu du Espainiako Poliziak, haur pornografia edukitzea eta zabaltzea leporatuta. Gizonaren etxean egindako miaketan pornografiari lotutako mila artxibo baino gehiago atzeman dituzte. Poliziaren arabera, haurrei egindako abusuak ere ageri dira material horretan. Atxilotuak onartu du sarean adingabea balitz bezala jartzen zela harremanetan atzerriko adingabe batzuekin, eta argazkiak eta bideoak eskatzen zizkiela. Gero, beste erabiltzaile batzuekin partekatzen zituen. Iturri horien arabera, urteak zeramatzan horretan.

Poliziak ikerketa abiatu zuen Ameriketako Estatu Batuetako gobernuz kanpoko erakunde batek jarritako salaketaren ondorioz. Aztertzen ari dira Corellako etxebizitzan atxikitako material informatikoa, biktima posibleak identifikatzeko asmoz. Hortaz, ikerketa irekita dago oraindik. Operazioan, beste pertsona bat ere identifikatu dute, haur pornografia zabaltzeagatik.

Hiru gizonezko atxilotuta

Beste hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen eta Donostiako Aste Nagusian. Udaltzaingoak 53 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo goizaldean Gasteizen, bikotekide ohia jotzea egotzita. Emakumeak poliziei jakinarazi zien gizona kalean topatu zuela, eta, urruntze agindua izan arren, iraindu, mehatxatu eta jo egin zuela. Epailearen aurrera eraman zuten gizona.

32 urteko gizon bat atxilotu dute Donostian, atzo goizaldean emakume bati sexu abusuak eta lapurreta egitea egotzita. Parte Zaharreko taberna batean ukituak egin zizkion andreari, eta, hark aurre egin zionean, sakelakoa ostu, eta ihesean irten zen. Lapurreta horri lotuta, 23 urteko gizon bat ere atxilotu du Ertzaintzak, eta beste baten bila dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.