Elkarbizitzarako deia

ETAren biktima batek bakea eraikitzeko mezua emango du bihar Errenterian. Polizia baten semea da, eta 36 urte egon da etorri gabe
Jose Miguel Cedillo, amarekin, 2016an, Madrilen, Barne Ministerioaren aurrean egindako agerraldian.
Jose Miguel Cedillo, amarekin, 2016an, Madrilen, Barne Ministerioaren aurrean egindako agerraldian. DAVID GONZALEZ / EFE

Enekoitz Esnaola -

2018ko irailak 14
36 urteren ondoren, Jose Miguel Cedillo Euskal Herrian da berriro. Herenegun gauean etorri zen. Sevillara (Espainia) joan zen 3 urte zituela, amarekin, ETAk Errenterian (Gipuzkoa) aita hil ostean. «ETAren umezurtz modura, esperientzia latza» igaro du urte hauetan guztietan, idatzi batean azaldu duenez; «gorrotoa» sentitzera iritsi zen, baina bestelako jarrera batekin dabil ETA amaitu zenetik; «bakebidearen eraikuntzan lagundu» nahi du. Bihar, Errenterian, bere aitaren aurkako atentatua izan zen tokian, gogoeta hori aldarrikatuko du askotariko ordezkari politikoen eta instituzionalen aurrean.

Gaurko egun batez hil zuen ETAk Antonio Cedillo Espainiako polizia, 1982an, Mugaritz parean. Handik gertu, erakundeak tiroketa bat egin zuen Poliziaren patruila baten aurka: hiru agente bertan zendu ziren. Cedillo zaurituta gelditu zen, eta inguruko bizilagun batek furgoneta batera igo zuen, erietxera eramateko, baina etakideek ibilgailua geldiarazi eta hantxe hil zuten polizia. Poliziaren sendiak hurrengo egunean utzi zuen Donostia —han bizi ziren—. Amak ez zion esan semeari aita ETAk hil zuenik, baizik eta «lapurrekin izandako liskar batean» zendu zela.

Jose Miguel Cedillok txikitatik pairatu ditu «absentziak, fobiak, antsietateak, porrot pertsonalak, mina...»; medikuekin eta psikologoekin ibili da maiz, eta galdera bat izan du: «Neure buruari sarri galdetu izan diot nola nahiko zukeen gure aitak bera gogoratzea. Ezinezkoa zitzaidan ezer garbirik ateratzea; izan ere,mendekura, gorrotora, herrara, errebantxara eramaten ninduen ETArekin zerikusia zeukan orok, baina baita euskal kutsua zeukan orok ere». Idatzian aitortu duenez, ETAren desegitearen iragarpenenak «gauzak aldarazi» egin zizkion.

Vidas rotas. Todas las víctimas de ETA liburua (Bizitza hautsiak. ETAren biktima guztiak, 2010) irakurtzean jakin zuen zer gertatu zen bere aitarekin, eta mugitzen hasi zen Espainiako Estatuak bera ere indarkeriaren biktima modura onartzeko. Ordea, «sufrimenduaren burokratizazioa» aurkitu zuen, eta «dezepzioa» sentitu zuen. Salatu du aitaren kasua «judizialki preskribatzen utzi» zutela, eta izugarrizko zailtasunak izan dituela laguntza psikologikoa lortzeko. Saiatu zen PPren gobernuarekin bera biktimatzat hartzeko; emaitzarik ez. Orain, itxaropen handiagoa dauka PSOErenarekin, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak agindu baitio «terrorismoaren» biktimen umeak ere sartuko dituztela legean.

Zauria ixteko lana

Badu beste eskaera bat Cedillok: ETAren bukaeraren ostean, «elkarbizitza bakean gauzatzea». «Konfrontaziotik elkarbizitzara» pasatzeko ere egin du dei: «ulertzen dut biktima askorentzat ez dela erraza, baina irteera posible bakarra dela ere badakit. Elkarbizitza, atzean uzteke justizia, aitortza, duintasuna eta erreparazioa». «Zauria ixteko» lan egitea merezi duela dio, baina horretarako urrats gehiago eskatu ditu. «2011ko urriaren 20koaren [ETAren jarduera armatuaren bukaera] ondoren, ezin dugu diskurtso bera entzuten segitu. Jende gehiegi dago tematuta gertatu denaren kontakizuna idazteko, eta ez dut inor aurkitu etorkizunaz kezkatuta. Errespetatzen dut, baina ez da hori nire bidea».

Abuztu aurretik dauka harremana Barne ministroarekin, eta Julen Mendoza (EH Bildu) Errenteriako alkatearekin ere jarri zen harremanetan, uztailaren hirugarren astean. Cedillok ohar bat bidali zion, eta Mendozak deitu egin zion biharamunean. Abuztuaren 1ean, alkatea Sevillara joan zen , elkarrekin egoteko. Aireportuan bildu ziren, lau bat orduz. Cedillo bikotekidearekin azaldu zen. Mendozak azaldu zion zer egin duen bere udalak giza eskubideen eta indarkeriaren biktima guztien aitortzaren alde; Cedillok bere historia pertsonala eta gogoetak azaldu zizkion; bakearen eta adiskidetzearen alde mintzatu zen, eta gogoetak idatzi batean jaso ditu —aste honetan zabaldu du—.

Mendoza eta Cedillo atzo goizean elkartu ziren berriro, Errenterian, pribatuan. Atentatua izan zen lekura joan ziren —Listorreta eta Mugaritz artean izan ziren tiroketak—, eta pare bat orduz egon ziren. Cedilloren ama eta bikotekidea ere agertu ziren.

Goizeko hamaiketan hasiko da biharko ekitaldia, Mugaritzen. Cedillok berak antolatu du, udalaren laguntza logistikoarekin. Pauso berritzailea izango da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna