Emakume bat larri dago bikotekide ohiak eraso eginda leihotik erori ostean

Atxilotuta egon zen tarte batean gizona, baina libre da orain: kargupean. Urduñan izan zen jazoera, hilaren 15ean; erietxean dago emakumea

Indarkeria matxistaren aurkako protesta, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Hilaren 15ean Urduñan (Bizkaia) jazotako eraso matxista baten berri eman zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak; bikotekide ohiaren eraso bat jasan ostean, leihotik erori zen emakumezko bat, eta larri dago orain erietxean. Gizona atxilotu egin zuten gertaeraren harira, baina libre dago orain: kargupean. Homizidio ahaleginik ez diote leporatu; izan ere, Poliziaren arabera, andrazkoa ez zuen gizonak bota leihotik. Lehen solairu batetik erori zen andrea. Atxilotu eta Bilboko genero indarkeriaren kontrako auzitegira eraman zuten gizona. Han, haren lekukotasuna jaso, eta aske uztea erabaki zuten. 44 urteko gizon bat da.

Urduñako Udalak adierazpen instituzional bat plazaratu du gertaerarekin lotuta. Halakoen harira, arbuioa besterik ezin dela erakutsi adierazi du. «Nabarmendu nahi dugu mota honetako erasoak indarkeria matxistaren adierazpenik arbuiagarrienak direla, baita gaur egun gure gizartean dauden genero desberdintasunenak ere. Udal honek irmotasunez kontra egiten die». Erasoaren biktimari «babesa eta elkartasuna» adierazi dizkiola adierazi du udalak, eta indarrean dela halako erasoen kontra egiteko prestatua duten protokoloa, baliabiderikfalta ez dakion. «Udalak biktimaren esku jarri nahi ditu arreta zerbitzuak eta laguntza guztia». Artarako sare hori egoki antolatzeko asmoz «premiazko» bilera bat egin dutela jakinarazi dute udaleko iturriek.

Protestarako deia ere egin du udalak. Gaur elkarretaratze bat egitekoa da Aiaraldeko Mugimendu Feminista erasoa salatzeko, eta elkarretaratze horrekin bat egiteko deia egin du. Foruplazan izango da, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.