Espetxe ereduari buruzko eztabaida monografikoa egingo du legebiltzarrak

Mahaiak tramiterako onartu du EH Bilduren osoko bilkuraren eskaera. Taldeak dio eskumena jaso aurretik diseinatu behar dela eredua

enekoitz esnaola
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
EH Bilduk uste du EAEko espetxe eskumenak «lehentasuna» izan behar duela, eta, berak eskatuta, otsailean edo martxoan Eusko Legebiltzarrean eztabaida monografiko bat egingo dute. Helburua, Julen Arzuaga EH Bildukolegebiltzarkidearen esanetan, «herri honek behar duen espetxe eredua talde parlamentario guztien artean diseinatzea da».

EH Bilduk joan den azaroaren 15ean eskatu zion Legebiltzarreko Mahaiari erkidegoko espetxe ereduaz eztabaida bat antolatzeko. «Transferentzia gauzatzeari eta eskuduntza egikaritzeari begira, behar-beharrezkoa da Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak behar duten espetxe eredua aldez aurretik diseinatzea eta argi edukitzea zer-nolako baliabideak behar ditugun horretarako, betiere Europako herri batzuetan aplikatzen diren espetxe politika aurrerakoiekin kontrastatuta», dio EH Bilduko legebiltzarkideek sinatutako eskaera idatziak. Mahaiak azaroaren 20an onartu zuen tramiterako, eta orain osoko bilkuraren data zehaztea falta da.

Gernikako Estatutuak (1979) jasoa du espetxe eskumena, 10.14 artikuluan, baina Espainiako Gobernuak beti uko egin dio transferentzia emateari. EAJk eta PSE-EEk Jaurlaritzako gobernu akordioan jarri zuten duela hiru urte pasa, eta Madrildik jasotzeko falta diren 37 eskumenetatik lehentasuna eman zioten hari, Gizarte Segurantzarenarekin batera. PSOEren gobernuak asteon iragarri du beranduenez urtebete barru emango lukeela espetxe eskumena. EH Bildu ez da ados agertu denbora kontuetan; «eztabaida monografikoa palanka gisa erabili nahi dugu transferentzia azkartzeko», esan du Arzuagak, Gasteizen. Azken hilabeteetan, Eusko Legebiltzarrak, Lan eta Justizia batzordeko agerraldietan, adituen ekarpenak jaso ditu, eta, Arzuagak dioenez, «orain ezinbestekoa da horiek guztiak ordenatzea eta espetxe eredu propioaren diseinua egitea».

Jone Goirizelaia EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du eskumena izateak «aldaketa handiak» ekarriko lituzkeela; «batzuk, funtsezkoak». Batetik, «euskal preso guztiak Euskal Herrian egotea ekarri beharko luke, legediak argi dioelako presoek euren bizilekutik gertuen dagoen kartzelan bete behar dutela zigorra». Bestetik, nabarmendu du kartzeletako tratamendu batzordeek Espainiako Espetxeetako Instituzioen menpe egoteari utziko lioketela eta, hartara, erabakiak EAEn hartuko liratekeela—gradu progresioak, irteera baimenak...—. «Gaur egun euskal presoei ez zaie indarrean dagoen legedia aplikatzen, legez kontrako interpretazioa egiten delako».

ELAk ere eskatu du eskumena; «berehalakoa, erabatekoa eta esklusiboa» izatea galdegin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.