Larresoron izandako bortxaketa salaketa bat ikertzen ari da Polizia

Emakumea ospitaleratu egin dute. Gizon bat atxilotu dute Elorrion, bikotekidea jotzeagatik, eta beste bat Getxon, exhibizionismoagatik

Erredakzioa
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Larresoro (Lapurdi) jaietan da, eta larunbatetik igandera bitarteko gauean gizon batek bortxatu egin zutela salatu du 26 urteko emakumezko batek. Haren lagun batek deitu zuen Poliziara, goizeko laurak aldera. Biktima Baionako erietxera eraman behar izan zuten, shock egoeran, eta han zegoen atzo.

Biktimak salaketa jarri aurretik ikerketa bat abiatu du Uztaritzeko jendarmeriak, Baionako Ikerketa Brigadarekin batera, Samuel Vuelta Simon prokuradoreak kazeta honi baieztatu dionez; ez du xehetasun gehiago eman nahi izan gertakariari buruz. Biktimaren osasunak onera egiten duenean, harekin elkarrizketatuko dira ikerlariak, eta gauza bera egingo dute larunbatetik igandera bitarteko gauean Larresoroko festa gunean egon ziren hainbat pertsonarekin. Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Larresoroko Herriko Etxearen aurrean.

Bilbon ere mobilizazioa egin zuten atzo, aurreko astean izandako indarkeria matxista kasua salatzeko. 37 urteko gizonezko batek sei egunez bahituta eduki zuen bikotekide ohia; atxikia izan zuen, irain eta eraso artean, eta sexu harremanak izatera ere derrigortu zuen, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jasotako salaketaren arabera. Kartzelan sartzeko agindu zuen epaileak.

Bi atxilotu

Aurreko ostiralean izandako beste bi atxiloketaren berri eman zuen atzo Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Elorrion (Bizkaia), 42 urteko gizon bat atxiki zuten, bikotekidea jotzeagatik. Biak etxe berean bizi ziren, eta han gertatu zen erasoa. Etxean atxilotu zuten gizona. Emakumea, aurpegian zituen zauriak direla eta, Galdakaoko ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak, berriz, 53 urteko gizon bat atxilotu zuen Getxon (Bizkaia), exhibizionismo delitua leporatuta, adin txikiko neska batzuen aurrean masturbatzeagatik. Ostiral arratsaldean gertatu zen erasoa, Usategi begiratokiaren azpian dagoen hondartzan. Gazteek beraiek eman zieten abisua udaltzainei. Haien testigantzaren arabera, gizona hurbildu egin zitzaien jokaera Ā«ez oso arruntarekinĀ», eta, halako batean, haien aurrean masturbatzen hasi zen. Han atxilotu zuten gizona, eta epailearen aurrean deklaratu zuen, exhibizionismo delitua leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.