Koronabirusa

Beherantz egin dute atzemandako kasuek

93 urteko adineko bat zendu da Nafarroan. 1.882 PCR egin dituzte Leitzan asteburuan: deitutako lau herritarretik hiru joan dira testa egitera

Beherantz egin dute atzemandako kasuek.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Azken egunetako igoeraren ondotik, pixka bat apaldu dira azken 24 orduetan atzemandako koronabirus kasuak. 621 positibo atzeman zituzten igandean, bezperan baino 252 gutxiago. Herrialde guztietan apaldu dira detektatutako kasu positiboak, baina jaitsiera bereziki aipagarria izan da Nafarroan: 108 kasu atzeman dituzte han, bezperan baino 157 gutxiago. Egindako PCR proba kopurua ere han izan da handiena. Azken egunetako igoeraren ondotik, jaitsiera nabarmena izan da Nafarroakoa.

Atzemandako kasu positiboak jaitsi badira ere, horrek ez du ospitaleratuen kopurua gutxitu. Azken orduetan 41 pertsona erietxeratu dituzte, eta denera 390 eri daude ospitaletan. Gainera, Nafarroan, koronabirusa zuen 93 urteko emakume bat zendu da.

Ortziralean jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak Leitzan herritarrei PCR probak egiteko asmoa zuela. 15 urtetik gorako herritarrak zeuden deituak probak egiteko, eta deitutakoen %75ek egin dute proba. Denera, 1.882 PCR proba egin dituzte. Emaitzak gaur arratsaldean jakinaraziko ditu Nafarroako Gobernuak. Gainera, datozen egunetan Tuterako zahar etxe bateko egoiliarrei eta langileei ere probak eginen dizkiete. Ostiralean bi positibo atzeman zituzten egoitza horretan egindako ausazko test batzuetan, eta asteburuan, bertze hamar positibo. Gainera, Nafarroako Gobernuak 110 egoitzatan dauden 6.500 egoiliarri PCRak eta test serologikoak egiteko asmoa du irailean.

Bigarren olatua zenbakitan

Uztailaren 6tik irailaren 3ra arte SARS-CoV-2 koronabirusak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan utzitako datuak biltzen dituen txosten bat argitaratu dute Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak. Denera 332.991 PCR proba egin dituzte bi hilabeteetan, eta 19.158 kasu positibo atzeman dituzte. Denbora horretan, gainera, koronabirusa zuten 96 pertsona hil direla jasotzen du txostenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.