EAJk eta PSE-EEk «batasunerako» deia egin diete gainerako alderdiei

Ortuzar, Egibar, Mendia eta Andueza pandemiaren kudeaketaz jardun dira Urkullurekin. Jaurlaritzak egindako «lan eskerga» txalotu dute

EAJko eta PSE-EEko ordezkariak, atzo, Ajuriaenean. DAVID AGUILAR / EFE.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin egiten ari den bilera errondaren azkena egin zuen atzo, Jaurlaritzako gobernua osatzen duten bi alderdiekin: EAJrekin eta PSE-EErekin, hain zuzen. Bi alderdiek txalotu zuten Jaurlaritza koronabirusaren pandemiarekin egiten ari den kudeaketa, eta oposizioari «batasunerako» deia egin zioten. «Batzen gaituen horri begiratu behar diogu, eta ez banatzen gaituenari», adierazi zuen Andoni Ortuzar EBB Euskadi Buru Batzarreko presidenteak bileraren ondotik. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, nabarmendu zuen Jaurlaritzak «gobernu egonkor eta indartsua» duela, eta ohartarazi zuen ez dela «zalantzatarako momentua».

EAJko eta PSE-EEko bina ordezkarik parte hartu zuten atzo Ajuriaenean Iñigo Urkullu lehendakariarekin egindako bileran: Ortuzarrez eta Mendiaz gain, han izan ziren Joseba Egibar EAJren legebiltzarreko bozeramailea eta Eneko Andueza PSE-EErena.

Ortuzarrek eta Egibarrek Eusko Jaurlaritzak azken bi hilabeteotan egindako «lan eskerga» txalotu zuten, eta oposizioari «burutapen estrategikoak albo batera» uzteko deia egin zioten, alderdien arteko antzekotasunei eusteko eskatuta: «Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoen arteko topaguneak hain dira ugariak eta agerikoak pandemiari aurre egiteko orduan, ezen egokia izango bailitzateke horiei begiratzea eta gure ahalegin guztiak jartzea partekatzen ditugun puntu horietan guztietan». Ortuzarrek nabarmendu zuen, halaber, «argi gelditu» dela hauteskundeak uztailean egin izana «erabaki zuzena» izan zela: «Gaur egun Jaurlaritzaren erabakiak kritikatzera eta biztanleriari errezeta miragarriak bidaltzera dedikatzen diren alderdi politiko horiek dira iragan ekainean esaten zutenak hauteskundeak udazkenean egin behar zirela, hau da, bigarren olatuan».

Akordioa bidelagun

Mendiak azpimarratu zuen Jaurlaritzak «bide-orri argia» duela bi alderdien arteko akordioari esker, eta ahulenak izan zituen gogoan: «Pandemiak sarri erabaki mingarriak hartzera behartzen gaitu, baina gure kezka etengabea izango da erabakiok bidera daitezela zaurgarrienen defentsara eta enplegua babestera». Oposizioari eskua luzatu zion: «Proposamenak egiten ari dira kezkatzen gaituzten gaiei buruz, eta, borondatea baldin badago, posible izango da elkarlan giro zabalago bat lortzea etorkizunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.