Koronabirusa

Transmisioa maldan behera da

Beste 545 COVID-19 kasu atzeman dituzte Hegoaldean. 46 lagun hil dira gaitzarekin astebetean

Transmisioa maldan behera da.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Pandemia piztu zuenetik, kutsatuen kurbak grafiko argigarri izan dira izurritearen bilakaerari so egiteko. Erakutsi dituzte birusaren oldarraldiak, baita transmisioaren arintzeak izan diren garaiak ere; barealdiak, alegia. Hain zuzen, azken asteotako datuen arabera, pandemiaren laugarren olatua indarra galtzen ari da apirileko azken asteaz geroztik. Orduan, Hegoaldean egun bakarrean zenbatutako positibo kopuruak milakotik gorakoak izan ziren zenbait egunetan; maiatzean, berriz, inoiz ez da zenbateko hori gainditu, eta maldan behera ari da, ia etenik gabe. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, asteartean 545 kasu atzeman ziren Hego Euskal Herrian. 12.318 proba egin ziren birusa detektatzeko; beraz, %4,4 izan zen positiboen ehunekoa.

Herenegun atzemandako kasuetatik, Bizkaian 298 detektatu ziren; Gipuzkoan, 149; Nafarroan, 66, eta Araban, berriz, 29. Halaber, Hegoaldeko osasun agintariek emandako datuen arabera, Osakidetzak egindako testetan, %4,9 izan zen positiboen portzentajea; Osasunbideari dagokionez, berriz, %2,9 izan zen.

Bizkaia, eremu gorritik at

Administrazioek egunetik egunera ematen dituzten kutsatuen datuetan ez ezik, transmisioaren mantsotzea agerikoa da Hegoaldeko lurraldeetako intzidentzia tasa metatuen adierazlean. Azken asteotako datuei erreparatuta, izurritearen bilakaerak lau herrialdeetan du beheranzko joera. Gainera, atzotik, Gipuzkoa da Jaurlaritzak eremu gorri izendatutako multzoan dagoen lurralde bakarra; hau da, han baizik ez dute 400dik gorako intzidentzia tasa metatua Hegoaldean: 462 da, zehazki. Izan ere, Bizkaia eremu gorritik atera da berriki, 396 baita haren tasa. Araban eta Nafarroan, intzidentzia nabarmen apalagoa da: foru erkidegoan, azken bi asteetan 241 pertsonari atzeman diete gaitza 100.000 biztanleko; Araban, berriz, 232ri. Konparaziora, aipatzekoa da duela bi aste Nafarroa zela 400dik beherako tasa zuen bakarra Hego Euskal Herrian. Gainera, gaur egungo egoeraren aldean, Gipuzkoan aski larriagoa zen egoera: intzidentzia tasa metatua 700dik gorakoa zen.

Bestalde, birusarekin loturiko heriotzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dute joan den astean COVID-19arekin eri ziren 46 pertsona zendu zirela Hego Euskal Herrian. Zehazki, maiatzaren 3tik 9ra artean izandako heriotza kopuruari dagokio datua. Gainera, zehaztu dute hildakoetako sei Nafarroakoak direla; gainerakoak, Arabakoak, Bizkaikoak edo Gipuzkoakoak. Horiek horrela, aurreko astearen aldean, zenbatekoa apaldu egin da Hegoaldean: apirilaren 26tik maiatzaren 2ra 59 lagun hil ziren gaitzak jota.

Ospitaleei begira, presioa handia da oraindik, baina ari da arintzen, apurka izan arren. Oraintxe bertan 627 paziente dira Hegoaldeko zentroetan gaitzarekin erietxeraturikoak. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako informazioaren arabera, ospitaleratuetako 445 gela arruntetan daude. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 182 dira.

Halaber, herenegun 78 lagun erietxeratu zituzten, gaitzaren sintomak larriagotuta. Hain justu, kopurua hurbil da azken hamalau egunetako datuak aintzat harturik erdietsitako batezbestekotik: eguneko 74 pertsona ospitaleratu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.