Koronabirusa

Milakoen langa aise pasatu du berriz ere birusak: 1.753 positibo izan dira

Sagarduik dio neurriak «laxatu izanak» eragin duela gorakada. Hamabi kasu Gipuzkoako zahar etxeetan

Emakume bat PCR probak egiteko itxarongelara sartzen, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maria Ortega Zubiate - Arantxa Iraola
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Uztailak okertze nabarmena ekarri du birusaren bilakaera epidemiologikoan, eta atzoko datuek hori berresten dute: Osakidetzak eta Osasunbideak 1.753 kutsatu jakinarazi dituzte. Kopuru hori igandekoa baino handiagoa den arren, aurreko egunetako joera bertsuan mantentzen da birusa, goraldian. 1.000 kasuren langa bikoizteko zorian egon da azken egunotan sarri, eta aurrez behin baino ez da gertatu hori: iazko urriaren 31n 2.082 izan ziren positiboak. Eta kutsatzeak areagotu diren sasoia ez da ausazkoa, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren ustez. Esan du uda sasoian areagotutako joan-etorrien, oporren eta neurriak «laxatu izanaren» ondorioz ugaritu direla kutsatzeak.

Herrialde guztietan izan da gorakada; ez maila berean, ordea.Orain arte, kutsatzeak areagotzen hasi zirenetik, Nafarroa izan da kasu gehien atzeman duena. Joan den lauzpabost egunetan, ordea, Bizkaia izan da kutsatzeen buruan, eta atzo ere horrela izan zen: 694 kasu jakinarazi zituen Osakidetzak. Pandemiaren erregistro erregularra egiten denetik ez du inoiz egun bakarrean horrenbeste kutsatu zenbatu. Bizkaiaren ostetik, Gipuzkoan 440 izan dira; Nafarroan, 439, eta Araban, 139.

Kutsatzeak, gora, beraz. Eta gora ospitaleratzeak ere. Ezinbestean, Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleak kutsatzeen gorakadaren ondorioak jasaten ari dira. 294 lagun daude erietxeratuta: ekainaren 4tik horrelako kopuru handirik izan gabe zeuden ospitaleetan. ZIUetan, berriz, 55 lagun daude: hor ere nabari da gorakada, nahiz eta duela hilabete eta erdi, ospitaleratu kopuru bera zegoenean, gaixo larriak egungoen ia bikoitza ziren.

Lasaitasun mezua zabaldu du Sagarduik:«Zorionez, ospitaleratzeak ez dira kutsatzeen erritmoan ugaritzen ari». Eta gehitu du Osakidetzako ZIUak kontingentzia planaren lehen agertokian daudela oraindik, 218 ohe dituztela bideratuta. Oraingoz nahikoa diren arren, behar bada kopuru hori handitzeko aukera ematen du kontingentzia planak, Sagarduik azaldu bezala: «Aurrekoetan ere baliagarria izan da».

Kutsatuak gora egiten hasi direnetik, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dute adin tarterik gazteenetan atzeman dituztela positibo gehien. Txertatu gabekoak edo oraindik txertaketa pauta bukatu ez dutenak dira egun gehien kutsatzen direnak. Hala ere, birusa hedatuz doan heinean, jada txertatuta dagoen adin nagusiko jendea ere hasi da kutsatzen, eta hamabi kasu zenbatu dituzte Gipuzkoako zaharren egoitzetan: hamar Donostiako Aldakonean, eta bi Irungo Inmaculadan. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du kutsatu horiek ez dutela sintomarik: bat izan ezik gainerakoak Eibarko (Gipuzkoa) erreferentziazko zentrora eraman dituztela esan du.

Kutsatuak txertatzeaz

Osasunbideak gazteen txertaketa aurreratzea erabaki zuen, eta Osakidetzak ere atzo hasi zuen prozesu hori: esan dute ezinbestekoa dela adin tarte gazteenetan ugaritzen diren kutsatzeak geldiarazteko. Sagarduik jakinarazi du oraindik badirela gazteen adin tarterako txertaketa orduak: batetik, uste du hori gertatu dela gazte asko oporraldietan-eta dabiltzalako. Beste asko, berriz, kutsatu egin dira olatu honetan, eta, ondorioz, atzeratu egin behar izan dute txertaketa prozesua. Horren harira, egoera horretan daudenei beren ordua bertan behera uzteko eskaria egin die Osasun sailburuak, beste norbaitek aukera izan dezan ordu hori hartzeko, eta prozesua ez moteltzeko.

Adin tarte horiek hasi ahala, zaharragoen txertaketak ere amaitzeko asmoa adierazi dute. AstraZenecaren bigarren dosia hartu behar duten 60 urtetik gorakoen txertaketa asteon bukatzeko asmoa du Osakidetzak. Bitartean, 30 urtetik gorakoenen txertaketan ere badihardute Osasunbideak eta Osakidetzak: Sagarduik adierazi du azken horrek adin tarte horrekin «bukatuz» joan behar duela. Dena den, dosiak iritsi ahala egingo dute hori, haren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.