Guardia Zibilak Bilboko portua kontrolatzeko baliabide gehiago jaso ditu

Besteak beste, mugako kontrola areagotzeko talde bat eta pertsonen detekziorako entrenaturiko txakur bat izango dituzte hemendik aurrera

Bilboko portua, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Erredakzioa
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jakinarazi duenez, Guardia Zibilak Bilboko portuan duen presentzia indartu du, ekipamendu berriak eta agente espezializatuak jarrita. Erakundeak portuan dituen zeregin nagusiak muga kontrola, aduanen zaintza eta kontrol fiskala dira, eta, udan ontzien kopurua handitu egiten denez, eskura dituen baliabideak areagotu beharra dagoela azpimarratu du ordezkaritzak.

Orain arte izan dituen baliabideez gain, Guardia Zibilak azkar esku hartzeko talde bat izango du hemendik aurrera. Besteak beste, erreserba unitate bat eskuratu dute, droneak, lapurturiko ibilgailuak identifikatzeko talde bat, kontrol fiskalean laguntzeko beste bat, mugen kontrolerako beste ekipo bat eta pertsonen detekziorako entrenaturiko txakur bat.

Agenteak «mugez gaindiko delinkuentziarekin zerikusia duten jardueren» atzetik arituko direla azpimarratu du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak Halaber, legez kanpoko immigrazioa eragozteko, ferry eta gurutzeontzietako kontrolak areagotuko dituzte, pertsonak eta bagajeak ikuskatuz.

Podemosen kritika EBri

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igarotzeko ahaleginetan Abdulaye Koulibaly Bidasoa ibaian ito zela gogora ekarrita, Podemosek kritika egin dio Europako Batzordeari «pertsonen kontrako migrazio politika» bultzatzeagatik. Idoia Villanueva eurodiputatuak idatzizko erantzun eskaera bat egin dio batzordeari, eta galdetu Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan harrera eta igarotze eskubideak bermatzeko neurriei buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.