Sexu abusuen kondena bat baliogabetu dute biktimak deklaratu ez zuelako

Nafarroako Auzitegi Nagusiak agindu du epaiketa errepikatzea, ez duelako nahikotzat jo salatzaileak instrukzio fasean emandako hitza

Nafarroako Justizia jauregia. VILLAR LOPEZ / EFE.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak sexu abusuen delitu jarraitu batengatik ezarritako sei urteko kondena bat baliogabetu du, biktimak ez zuelako ahozko auzi saioan deklaratu. Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak ebatzi zuen salaketa jarri zuen emakumeak ez zuela zertan epaiketara agertu, instrukzio fasean grabaturiko deklarazioekin nahikoa zelakoan. Horiek horrela, Auzitegi Nagusiak epaiketa errepikatzea agindu du, hainbat magistratuz osaturiko epaimahai batek biktimak ahozko beste auzi saio batean egingo zaion galdeketa entzun dezan.

Auzitegi Nagusiak azaldu duenez, salaketa jarri zen unean eta instrukzio epaitegian deklarazioa grabatu zenean, biktimak 14 urte zituen, baina aurtengo maiatzean epaiketa egin zenerako, berriz, adinduna zen. Hala, aurretik grabaturiko deklarazio bat eduki arren, salatzaileak ahozko auzi saioan deklaratu behar zuela ebatzi du orain Auzitegi Nagusiak, eta epaiketa berriro egitea agindu du horregatik, helegiteak aurkezteko aukerarik eman gabe.

Ahozko auzi saioan, akusatuaren defentsak eskatu zuen biktimak deklara zezan, eta akusazioa ez zen horren kontra agertu, baina Probintzia Auzitegiak uko egin zion eskaerari. Argudiatu zuenez,biktimaren babesaren ikuspuntutik, bere deklarazioa ez zen beharrezkoa: «Adin nagusitasunetik harago, ezerk ez zuen justifikatzen irizpidea aldatzea beharrik ez horren eta gertakariekin loturiko aurretiko probaren [grabaturiko deklarazioaren] nahikotasunaren inguruan».

Auzitegi Nagusiak, ordea, zehaztu du ahozko auzi saioetan biktimek deklaratzea «arau orokorra» dela, eta hori alde batera uztea eta ikus-entzunezko grabazio batekin ordezkatzea «justifikaezina» izan zela ebatzi du. Hain zuzen, hori egiteak «arauak eta berme prozesalak urratu» zituela argudiatu du, eta «akusatuaren defentsa galarazi» zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.