«Greba», ordu libreetan

ELAk, LABek eta Gipuzkoako zahar etxeetako senideek «duintasuna» eskatu diote aldundiari

Zahar etxeetako langileak atzo, aldundiaren egoitzako arkupeetan eserita. ANDONI CANELLADA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«Langile batzuk jaiegunean etorri dira, beste batzuek lanera arratsaldez joan behar dutelako». Elastiko morea jantzita, ELAko pegatina soinean, haserre mintzo da Aitziber Aranberri, begiak bustita. Donostiako Ategorrietako Villa Sacramento zahar etxeko langilea da, eta LABek, ELAk eta Gipuzkoako zahar etxeetako senideen elkarteak deituriko protestara etorri da, bertze dozenaka langilerekin batera. Zailtasunak zailtasun, grebara deitua baitzuten atzoko: «Gutxieneko zerbitzuengatik, aurreko egunetan baino langile gehiago ari dira gaur [atzo] lanean, greba egiten ez dugun egunetan baino gehiago. Zeren, orduan, ez dituzte ordezkatzen bajak, lizentziak, baimenak...». Ordu sindikalak baliatuta etorri da bera, delegatua baita; baina egoeraz kexu da. Eta ez bakarrik greba egiteko aukera errealik ematen ez dietelako: «Pandemia hasi aurretik baino askoz okerrago gaude. Erizain eskasia ikaragarria dago, eta txanda asko bete gabe egoten dira». Etengabea da gabezien zerrenda, eta ondorioa, bikoitza: «Langileak oso-oso nekatuta gaude, eta ematen dugun zaintza ez da batere kalitatezkoa. Lanetik oso gaizki ateratzen gara, frustratuta».

Antzeko egoera deskribatu du Azpeitiko (Gipuzkoa) San Martin egoitzako Zaida Cuzme langile eta LABeko delegatuak ere: «Errefortzuak falta direnean, edo laguntzaileren bat, ez dute jartzen. Bigarren solairuan koronabirus positiboak egon zirenean, lehen solairuko errefortzua kendu ziguten; eta asteak joan, asteak etorri, errefortzua ez dute ordezkatzen. Lan bera egiten ari gara langile gutxiagoren artean». Kexu da ez dietelako beren eskaerei entzuten: «Behin baino gehiagotan esan diet, baina ez didate kasurik egiten». Eta protestarako eskubiderik ez dutelako ere bai: «Ni ez naiz greba egiten ari, zeren ez digute uzten. Hori ere kendu digute: greba egiteko eskubidea. Greba egiten badugu, gutxieneko zerbitzuak. Baina orokorrean gaude gutxieneko zerbitzuan: beti».

Gipuzkoako Foru Aldundia dute kexen iturri eta jomuga, eta hiru eskaera nagusi egin zizkioten atzo bi sindikatu abertzaleek eta zahar etxeetako senideek, Donostian egindako manifestazioan: lan hitzarmena osa dadila, zahar etxeetako ratioak handitu ditzatela, eta, oro har, langileen eta egoitzetako erabiltzaileen «duintasuna» berma dezatela. Sindikatuek nabarmendu zuten gertatzen ari dena ez dela langileen eta patronalaren arteko «lan gatazka soil» bat: «Gipuzkoako gizarte osoari eragiten dion arazo sozial bat da». Lanbide feminizatu izatearen eragina ere nabarmendu zuten. Janire Diaz Jauregi ELAko ordezkariak, erraterako: «Kontuan eduki behar dugu batez ere emakumeen sektore bat dela, eta zaintza esparrua dela».

Bulebarretik hasita egin zuten atzo mobilizazioa, 11:00etan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan bukatu zuten, Gipuzkoa plazan. Hara iritsita, sindikatuek eta senideek 60tik goiti eragileren izenpea duen dokumentu bat eman zioten aldundiari —talde feministek, pentsiodunek eta auzo elkarteek sinatu dute, nagusiki—. Sindikatuetako ordezkariak sartu ziren aldundira papera ematera, eta gainerako manifestariak arkupeetan eseri ziren, zain, protestan. Hogei minuturen buruan atera ziren ordezkariak, eskaeren dokumentua airean altxatuta, aldundiaren zigilu urdina paper zuriaren gainean. «Eskaera erregistratu dute», azaldu zuen Leire Ormazabal LABeko ordezkariak. Aldundiarekin bilera bat egitea dute helburua, hain zuzen, baina oraingoz ez dute erantzunik. Itxaropenez mintzatu zen Ormazabal, halere: «Lortuko dugu».

Bizkaian, neurriak

Bizkaiko Batzar Nagusiek, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiari aho batez eskatu zioten atzo probintziako zahar etxe pribatuek dituzten langile gastuak ikertzeko. Galdegin zuten, halaber, langile gastua batez bertzekoa baino apalagoa duten egoitzetan neurri zuzentzaileak hartzea. EH Bilduk aurkeztu eta EAJrekin eta PSE-EErekin batera aldaturiko erdibideko zuzenketa baten bidez egin zuten eskaera, atzo —Elkarrekin Bizkaiak eta PPk ere babestu zuten—. EH Bilduk argudiatu zuen zahar etxe pribatuek «diru publiko asko» jasotzen dutela, eta «beharrezkoa» dela diru hori «zertan eta nola» erabiltzen duten jakitea: «Egoitzetako jarduerarekin negozioa egitea eragotzi behar da», erran zuen Arantza Urkaregi batzarkideak.

Bizkaian 122 zahar etxe pribatu daude gaur egun, eta 7.863 leku dituzte. Publikoak 33 baino ez dira: 3.018 leku dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.