Albistea entzun

Sansohetako nerabeen prostituzio auziaren epaiketa etzi hasiko da

Hamar pertsona epaituko dituzte, sexu abusua eta adingabeei pornografia erakustea leporatuta
Sansoheta zentroa 2016an, kasua ezagutu zenean.
Sansoheta zentroa 2016an, kasua ezagutu zenean. JUANAN RUIZ/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2022ko irailak 24

Hamar pertsona akusatuen aulkian eseriko dira astelehenean Arabako Probintzia Auzitegian, Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden adingabeak prostituitu zituen sare bateko kide izatea leporatuta. Gasteizko Sansoheta zentroan bizi ziren 14 eta 17 urte bitarteko neska eta mutil batzuek 2016.urtean egindako salaketaren haritik epaituko dituzte. Fiskaltzak, besteak beste, ustelkeria, sexu abusua, adingabekoei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak leporatzen dizkie akusatuei, eta, guztira, 214 urteko zigorra eskatu du haientzat. Arabako Foru Aldundia eta Clara Campoamor elkartea herri-akusazio gisa aurkeztu dira.

Astelehenean hasi eta urriaren 3ra arte iraungo du epaiketak, eta guztira bost saio egingo dituzte. Lehen egunean, akusatuek deklaratuko dute. Asteazkenean eta ostegunean egingo dute zazpi biktimek; adin nagusikoak dira orain, baina herri akusazioak eskatuta, ateak itxita hartuko diete deklarazioa, intimitaterako eskubidea babestu aldera. Gainera, epaimahaiburuak debekatu egin du epaiketak iraun bitartean biktimen identitatea ezagutzera ematea. Ostiralean hartuko diete deklarazioa auzia ikertu zuten ertzainei, eta urriaren 3an amaituko da auzi saioa, froga perizialekin.

2016ko azaroaren 12an ezagutarazi zuten auzia: Sansoheta zentroko 14 eta 17 urte arteko zazpi adingabek salatu zuten prostituitzera behartu zituztela. Gasteizko instrukzio epaitegiak eta Ertzaintzak 30 susmagarri inguru ikertu zituzten, eta horietako hamaika auzibidean jarri —horietako bat hil egin da, eta beste hamarrak epaituko dituzte—. Akusatuak eduki sexualeko webgune baten bitartez kontratatu zituzten adingabeak sexu harremanak izateko; gutxienez, hamar hilabetez izan zituzten harremanak.

2016ko urriaren 6an atzeman zituzten lehen zantzuak. Orduan, tutoretza batean adingabe batek kasua salatu zuen, eta ikerketa baten ostean jakin zuten apirilean jarri zela lehen salaketa, Gasteizko Udaltzaingoan. Kasu harekin lotuta, psikologo bat espetxeratu zuten —zentroko gazteekin ez ziharduela esan zuen foru erakundeak—. Zentroko langile bat ere identifikatu zuten, nahastuta egon zitekeelakoan, eta foru agintariek lanpostutik kendu zutela esan zuten. Hautsak harrotu zituen albisteak, eta agintari batzuen adierazpenek ez zuten lagundu giroa apaltzen; Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, esaterako, esan zuen kasua «edonon» gerta zitekeela.

Gasteizko kanpoaldean zegoen Sansoheta zentroa. Batez ere, familia eta portaera arazoak dituzten gazteak bidaltzen zituzten hara, gurasoei zaintza kenduta. Ustezko prostituzio kasua gertatu zenean, hogei bat gazte zeuden han, erregimen irekian, nahiz eta zentroa hamar pertsonentzako bakarrik diseinatuta egon. Gaur egun adingabeen zentrorik ez dago bertan, aldundiak apirilean erabaki baitzuen eraikina eraistea eta bertan elbarritasun intelektuala duten pertsonentzako erresidentzia bat eta eguneko zentro bat egitea. Bertan bizi ziren adingabeak beste egoitza batzuetara lekualdatu zituzten.

Arartekoaren txostena

Polemika handia sortu zuen aferak, eta EAEko Arartekoak ere esku hartu zuen. Sansohetako zentroan gertatutakoaren aurrean erakundeek hartutako neurriak ofizioz ikertu zituen, administrazioaren jarduna kontrolatzeko eskumena baliatuta. Besteak beste, Arabako Foru Aldundiko arduradun nagusiekin bildu zen, Gizarte Zerbitzuetako Sailaren informazioa jaso zuen, Sansoheta zentroko protokoloak aztertu zituen eta Gasteizko Udaltzaingoarekin informazioa trukatu zuen.

Arartekoak 2017ko azaroan kaleratu zuen txostena, eta ondorioztatu zuen ez zuela akatsik atzeman erakunde horien jokabidean. Adierazi zuenez, Arabako Aldundiak «ez zuen desegoki jokatu» aferan, zaintzapeko adingabeak babesteko erabakiak hartu zituen eta bere ardurapeko eremuetan ikertu zuen gertakariak argitzeko.

Auziaren inguruan zenbait hedabidek izandako jarrera deitoratu zuen. Gogorarazi zuen pertsona helduek adingabeen aurka egindako abusuak izan zirela, baina hedabide gehienetan, inplikatutako adingabeak gaizkileak balira bezala aurkeztu zituztela, «ez biktima gisa».

Soka luzea ekarri zuen auzi hark, eta azalerazi egin zituen administrazioak bere zaintzapean zituen adingabeekiko artaren gabeziak. ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek gogor kritikatu zuten adingabeak artatzeko Arabako zentroen sarearen kudeaketa. Sansoheta ez ezik, Bideberria zentroetako kudeaketa «zabarra» zela salatu zuten, eta administrazioari «jokabide axolagabea» egotzi zioten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elgea-Urkillako parke eolikoa, Araba eta Gipuzkoaren arteko mugan. ©JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS..
Euskaraldiaren hirugarren aldiaren aurkezpena, iazko azaroan, Iruñean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Gaur zabalduko dute Euskaraldirako izen ematea, begia lorpenetan jarrita

Julen Aperribai

Erronka zehatzetan eta praktika linguistikoetan indar berezia egingo du aurten ariketa sozialak. Sozializaziorako gogoa egitasmoaren alde baliatu nahi dute

Elkarretaratzea egin zuten atzo Elgoibarren. ©JON URBE / FOKU

Irmo gaitzetsi dute kalean azken hilketa matxista

Julen Otaegi Leonet

Soraluzeko Udalak (Gipuzkoa) kontzentraziora deitu du gaur 19:00etarako. Udalak herritar guztiei eskatu die elkarretaratzera bertaratzeko

Ikasleak Gasteizko Angel Ganivet eskolan, artxiboko irudian. ©JUANAN RUIZ / FOKU

Zortzi urtez zuzendari izanda, urtebetez ez dute eskolarik eman beharko

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritza ontzen ari den dekretuak eskola publikoetan izango du eragina. Bi agintaldiren ostean kargua utzitakoek lehentasuna izango dute beste ikastetxe bat aukeratzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...