Presoak hurbiltzeko orduan ez dela bereizketarik egin behar ohartarazi du Sarek

Asteotako lekualdatzeak txalotu ditu, baina gogoratu du legea bera dela denentzat. Urkulluk eskatu du gaiarekin «demagogiarik» ez egiteko

Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea, Gasteizen, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Presoen auzian «PPren menpe» egoteari utzi behar dio Espainiako Gobernuak. Horixe adierazi du Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak. Azpimarratu du albiste ona dela aste honetan Olga Sanz eta Xabier Moreno euskal presoak hurbildu izana —Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia) Basaurikora (Bizkaia)—, baina gogorarazi du hori dela gobernuaren betebeharra —«gerturatzea legea betetzea da»—, eta presoei ez zaiela baldintzarik jarri behar horretarako.

Antzera mintzatu da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Interneteko sare sozialetan zabaldutako artikulu baten bidez. Euskal presoak berariaz aipatu gabe, esan du preso guztien eskubidea dela etxetik gertu betetzea zigorra, eta eskatu du gai hori eztabaida politikotik kanpo uzteko eta «demagogiarik» ez egiteko. Espainiako legediko zenbait artikulu gogoratu ditu, eta azpimarratu du presoak gizarteratzea dela espetxealdiaren helburua, eta haien senideen eskubideak ere aintzat hartu behar direla.

Asteon, Espainiako Barne Ministerioak azaldu duenez, Sanz eta Moreno EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi ondoren eraman zituzten Villabonako espetxera, eta Mariano Rajoyren agintaldian lortu zuten hirugarren gradua. Presoek egin zuten gerturatzeko eskaera, eta Estatuko Espetxe Zuzendaritzak aintzat hartu du. Aurrerantzean, gaua ematera baino ez dira joango espetxera. Pedro Sanchezek presoak gerturatzen hasiko zela iragarri zuenetik —ekainaren 28an—, lekualdatu dituzten aurreneko biak dira. PPk eta Ciudadanosek gogor kritikatu dute erabakia.

PPren jarrerari dagokionez, Azkarragak gogorarazi du Jose Maria Aznarren gobernuak «200 preso baino gehiago hurbildu» zituela. PSOEkoari eskatu dio «adierazpen kontrajarriak» utz ditzala eta espetxe politika aldatzeko hartutako konpromisoa bete dezala.

Azkarragak, halaber, nabarmendu ditu PPko presidente Pablo Casadoren adierazpenenei ETAren indarkeriaren biktimen elkarte batzuek emandako erantzunak, bat ez datozelako. Dena den, ohartarazi du talde horiek ere ezin dutela espetxe politika «agindu».

Gerturatzeen gaiarekin «nahasmendu» handia dagoela uste du Sarekoak, hurbilketak espetxe onurekin nahasten ari direlako, bereziki PPko eta Ciudadanoseko kideak. Horren harira, gogora ekarri ditu duela aste batzuk Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak egindako adierazpenak: «Epailea ere baden horrek esan zuen urruntze politika alde batera uztea ez dela onura bat, legea betetzea baino». Bestalde, Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak esandakoak aipatu ditu: «Adierazi zuen presoek hainbat baldintza bete beharko dituztela etxetik gertu dauden kartzeletara hurbiltzeko; besteak beste, damua erakustea, barkamena eskatzea eta justiziari laguntzea. Are, gauza are harrigarriagoa esan zuen, ETArekin apurtu beharko dutela; erakundea deseginda dagoela kontuan hartuta, horrek ez du zentzurik».

Bestalde, Etxerat-ek jakinarazi zuenez, Aitor Cotano Algortako (Bizkaia) euskal presoak ezin izan dio azken agurra eman aitari, «sakabanaketaren eraginez». Puerto III espetxetik (Espainia) lekualdatu dute Zaballara (Araba), baina ez da garaiz iritsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.