'Eman like euskarari': Nafarroan euskara ikasteko kanpaina berria

Nafarroako Gobernuak lehenbiziko aldiz emango ditu matrikulak ordaintzeko diru laguntzak. 40.000 euro jasoko ditu kanpainak
Erakundeetako ordezkariek atzo aurkeztu zuten kanpaina, Iruñean.
Erakundeetako ordezkariek atzo aurkeztu zuten kanpaina, Iruñean. I. URIZ / FOKU

Samara Velte -

2018ko irailak 1
Zabalik dago jada Nafarroan helduen euskaltegietan izena emateko epea. Izaera publikoko, pribatuko eta herri ekimeneko 35 eskolatan jaso ahal izango dira euskara ikastaroak; eta, aurten, lehenbiziko aldiz, Nafarroako Gobernuak diru laguntzak emango ditu matrikulak ordaintzeko. Izen-ematea sustatzeko kanpaina berezi bat ere abiatu du aurtengorako Euskarabideak, Eman 'like' euskarari lelopean.

Atzo aurkeztu zuten kanpaina Euskarabideko, tokiko erakundeetako eta euskaltegietako ordezkariek; Hizkuntz Eskola Ofizialak eta euskaltegi publikoek ez ezik, AEK, IKA eta Bai&By sareko ikastegiek ere parte hartu dute kanpainan. Ekitaldian jakinarazi zuten Nafarroako Gobernuak 40.000 euro erabiliko dituela ikasturte honetako izen-ematea sustatzeko. Ikasle berrientzako iragarkia eta informazioa euskaraikasi.nafarroa.eus helbidean argitaratu dituzte: bertan topa daiteke, besteak beste, Nafarroan helduentzat dauden 35 euskaltegien zerrenda. 012 telefonora deituta ere eskura daiteke izen-emateari buruzko informazioa, eta irailean komunikabideetan ere zabalduko dute.

Nafarroan euskara ikastea eskubidea dela «gizartean aitortuta» dagoela adierazi du Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariak, eta eskubide hori bermatzeko «beharrezkoak diren neurri guztiak» hartzeko konpromisoa iragarri du: «Eskaintza publikoa handitzea, gizarte ekimenetik sortutako euskaltegien iniziatiba goraipagarria lagunduz eta euskara ikasi nahi dutenei laguntza ekonomikoak eskainiz».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna