Balluerkak finantziazioa eskatu du «bikaintasunean» sakontzeko

Errektoreak unibertsitate publikoa aldarrikatu du EHUren ikasturte hasierako ekitaldian
Pedro Iriondo, Nekane Balluerka, Iñigo Urkullu, Cristina Uriarte eta Patxi Juaristi, atzoko ekitaldiaren buru.
Pedro Iriondo, Nekane Balluerka, Iñigo Urkullu, Cristina Uriarte eta Patxi Juaristi, atzoko ekitaldiaren buru. L. J. / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko irailak 11
Nekane Balluerka EHUko errektoreak «bikaintasunean» oinarritutako unibertsitate publikoa aldarrikatu du, baina eskatu du ez nahasteko bikaintasuna eta elitismoa. Euskal Herriko Unibertsitatearen publikotasuna azpimarratu du: «Unibertsitate publiko bat ezin daiteke elitista izan, eta, hortaz, ezin du oztoporik jarri bere sarbide sisteman, edo gaitasun intelektualaz bestelako eskakizun irizpiderik erabili. Baina unibertsitate publiko bat izan daiteke, eta izan behar da, bikaintasuna gidari duen unibertsitatea, egunetik egunera hobea izaten lehiatuko dena arlo profesional, intelektual eta instituzionalean, eta pertsona bakoitzari ahalegin eta prestutasunik handiena eskain eta eskatuko diona, helburu profesionalak lortzeko lanean eta besteenganako zerbitzuan». Hori dena lortzeko, finantziazioa behar dela ohartarazi du, «ardura partekatuaren ikuspegitik». Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta Cristina Uriarte Hezkuntza eta Unibertsitate sailburuaren aurrean egin zituen adierazpen horiek, atzo, Leioako paraninfoan (Bizkaia) egindako ekitaldian.

Joan den astean antzeko berbak esan zituen Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean. Deustuko Unibertsitateak Bilbon sortuko duen Medikuntza Fakultate berriaren inguruan galdetu zionean, aitortu zuen albistea «harriduraz» hartu zuela. Esan zuen EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak «hobetzeko aukerak» dituela, eta aitortu zuen baduela hori lortzeko esperantza Eusko Jaurlaritzak onartu behar duen EAEko Unibertsitate Planarekin.

Atzo ez zuen ezer esan Deustuko Unibertsitatearen asmoez. Entzuleen artean Deustuko ordezkariak ere baziren, Mondragon Unibertsitatekoekin batera. Baina EHUk onartu berri duen Plan Estrategikoa eta Jaurlaritzako Unibertsitate Plana oso estu lotu zituen, «elkarri lotuta» joan behar dutela uste duelako. «Unibertsitatearen etorkizunerako mugarriak diren bi dokumentu dira», ohartarazi zuen. Plan Estrategikoak EHUren lan ildoak definitzen dituela azaldu zuen; nabarmendu zuen oinarri nagusienetako ikerketa duela. «Ikerketa bultzatzean, beste unibertsitate jarduera batzuk ere indartzen ditugu». Uste du ikertzen duen unibertsitateak prestakuntza «hobea» eskaintzen duela; era berean, haren iritziz, gizartearekin lotura hobeak izateko lagungarri zaio ikerketa. «Eta bada erakundearen finantzaketa hobetzen lagun dezakeen tresna bat». Aitortu zuen oraindik asko dutela egiteko, baina iazko emaitzak ipini zituen mahai gainean: EHUk hamar milioi euro eskuratu zituen ezagutza transferitzeko kontratuen bidez, eta ikertzaileek beste hamabost milioi lortu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko deialdi lehiakorretan.

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Planak finantziazio eta inbertsio ildoak zehaztu beharko ditu. 2019tik 2022rako iraupena izango du. Balluerkak ohartarazi zuen bere helburuak betetzeko eta kalitatea hobetzeko behar besteko finantziazioa bermatuko dion eredu bat eskaini beharko duela Jaurlaritzaren planak. «Bi dokumentu hauek denboran bat egitea aukera itzela da unibertsitatearen erronkek eta euskal gizartearen erronkek bat egin dezaten».

Bi aldeen konpromisoa

Igaro den ikasturtean, EAEko aurrekontuetatik jasotako diruaz gain, EHUk beste 25 milioi lortu zituen ikerketari eta ezagutza hedatzeari lotutako proiektuei esker. Errektoreak esan zuen eurek bide horretatik ere finantzatzeko konpromisoa dutela. Baina, aldi berean, erakunde publikoei eurena egiteko eskatu zien. «Badakigu Jaurlaritzak unibertsitate publikoaren aldeko apustua egiten duela. Gure herriko erakundeek beti izango dute gure prestasuna egonkortasuna bermatuko duten akordioak lortzeko».

Urkullu lehendakariak onartu du «bikaintasunaren alde lan egiteko konpromisoa». Unibertsitate Plana elkarlanerako aukera berria dela esan zuen. «Badakigu orain arte egindakoa ez dela nahikoa, baina badakigu hori dela jarraitu beharreko bidea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna