Mauleko hiltegiaren epaiketak agerian utzi ditu langileen baldintza gogorrak

Lekukoek erakutsi dute hiltegiak baliabideak falta zituela araudiak betetzeko, eta albaitaritza zerbitzuek kontrol eskasa zutela. Gaur segituko du epaiketak

Mauleko hiltegia bi hilabetez itxia egon zen 2016ko udaberrian.
Mauleko hiltegia bi hilabetez itxia egon zen 2016ko udaberrian. ISABELLE MIQUELESTORENA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko irailak 18

Mauleko hiltegiaren epaiketak jomugan ezarri ditu hiltegiko zuzendaritza eta departamenduko albaitaritza zerbitzuak. Atzo hasi zen, Pauen (Okzitania); hiltegiko hiru langile eta Gerard Clemente zuzendari ohia eseri ziren akusatuen aulkian, animalien aurkako tratu txarrak leporatuta. Parean, ingurumen elkarte andana, parte zibil gisa izango direnak epaiketan. Langileek 750 euroko isuna izatea arriskatzen dute; zuzendariak, bi urte eta erdiko kartzela zigorra eta 300.000 euroko isuna. Gaur segituko dute bi aldeen lekukotasunekin.

2016ko martxoan lehertu zen afera, L214 elkarte antiespezistak argitaratu zuen bideo sortaren ondorioz. Irudi gogorrak erakutsi zituzten; besteak beste, nola jotzen zituzten arkumeak eta txahalak behin eta berriz. Buruz behera ezartzen zituzten abereak hil baino lehen, eta arkumeak noraezean ageri ziren; haietako bat makina batek nola laurdenkatzen zuen ere ageri zen irudietan. Euskal Herritik kanpo, Frantzian ere eskandalua sortu zuen, eta Stephane Le Foll garai hartako Laborantza ministroak hiltegi guziak ikuskatzea galdetu zuen.



Prokuradoreak hiru langile eta garai hartan hiltegiko zuzendaria zen Gerard Clemente auzipetu zituen, animalien kontrako tratu txarrak leporatuta. Bi aldiz gibelatu ondotik, atzo hasi zen epaiketa Paueko auzitegian. Hainbat lekukoren bidez, honako galdera honi erantzun beharko diote: langileen utzikeriak eragin du, ala laneko baldintzak eta sistemaren disfuntzioa dira arazoa? Atzoko adierazpenek bigarren hipotesia indartu zuten.

Philippe Barret departamenduko albaitaritza zerbitzuko buruak hartu zuen hitza goizean, eta adierazi zuen ez dutela sekula «kexa formalik» jaso Mauleko hiltegiari buruz. «Oharrak izan nituen hiltegiko albaitariarengandik, bide ez-ofizialetatik, anomaliak salatzeko; baina ez zidan sekula ezer larririk kontatu», azaldu zuen. L214en irudiei begira, langileen jarrera txar batzuk identifikatu zituen; besteak beste, gider elektrikoa gehiegi erabiltzea, eta kabalei ostikoak ematea. Baina beste irudi batzuetan, arkumearen laurdenkatzean kasu, argi erran zuen «istripu» bat izan zela. «Langileak berehala joan beharko zuten makina itzali eta aberea lokarraraztera, baina gertakaria bera istripu bat da».

Oroitarazi zuen irudiak Pazko garaian hartu zituztela, eta garai horretan arkume anitz hiltzen dela Euskal Herrian. Alta, hiltegian bi langile gutxiago zituzten, geldituak zirelako. Halaber, hiltegiko albaitariaren eta zuzendariaren arteko harreman txarrak ere gogora ekarri zituen, baieztatuta behin baino gehiagotan ohartarazi zuela zuzendaria. Gogor hartu zuen epaileak: galdetu zion zergatik ez zuten ezer egin «anomaliak» ikusita, ea utzikeriaz jardun zuten; albaitaritza zerbitzuko buruak aitortu zuen «gauzak hobeki egiten ahal» zirela. «Posible da zuzendariak ez jakitea zer gertatzen zen?», galdetu zion ondoren epaileak. «Ez. Berak antolatzen du; berari dagokio kabala gutxiago hartzea», erantzun zuen. Azkenerako, hitz erdika onartu zuen departamenduko zerbitzuek «agian arinkeriaz» jokatu zutela.

Langileak eta nagusia parez pare

195 arau-hauste leporatzen dizkiete hiltegiko langileei L214ren bideoan agertutako irudien ondotik. Atzo arratsaldean, haien lanean zintuzten baldintzak kontatu zituzten xeheki: «Gaitasun anitzekoak izan behar eta hiltegiko katea ez zen sekula gelditzen, ezta langileak falta zirenean ere», salatu zuen batek. Bere arabera, langile bakoitzak biren lana egin behar izaten zuen. Bideoa grabatua izan zen garaian, egunean 700 arkume hiltzera iritsi zitezkeela aitortu zuen, eta ondorioz, ez zela gai oinarrizko arauak errespetatzeko ere, «gehiegizko erritmoa» zutelako. Lokarrarazi eta hil arteko tartea 35 segundukoa izan behar da gehienez ere; Mauleko hiltegian 1,45 minutura hel zitekeen tarteka.

Zainetan agertu zen Gerard Clemente zuzendari ohia, bere erantzukizuna agerian uzten zuten lekukotasunekin pazientzia galduta. «Zainak jauzirik ezartzen nau», adierazi zuen epailearen aitzinean. Frantziako hiltegien duten erritmoaren parekoa zutela argudiatu zuen, eta zuten langile kopuruarekin «aise» egingarria zela. «600 arkumetarik hiru dira gaizki hilak izan direnak; mementu batean, lasaitu behar da».

Parte zibilaren eta defentsaren abokatuek hartuko dute hitza gaur, eta akusatuen kontrako zigor eskaerak eginen ditu prokuradoreak.


Elkarteak lehen lerroan

Ingurumen arloko 11 elkarte izendatu dira parte zibil gisa epaiketan, horien artean L214 talde antiespezista. «Langileek gauzak gaizki egin dituzte, baina hiltegiko zuzendaritza eta estatuko zerbitzuen kontra goaz argiki», azaldu zuen Brigitte Gothiere bozeramaileak. «Agerian gelditu da albaitaritza zerbitzuek gabeziak zituztela egin diren oharren aitzinean. Esku hartzeak ez dira eraginkorrak, ez dira eragozgarriak... Ikusten da hiltegien ikuskaritza ez dela batere argi», salatu zuen. Hiltegien arazoa orokorra dela deitoratu zuen: «Ezinezkoa da hiltegi batean animaliaren ongizatea aipatzea. Araudia ere gu lasaitzeko da, animaliaren biziak balio bat duela sinetsarazteko. Animaliaren biziak ez du ezer balio; haien haragiak du balioa».

ELB laborari sindikatuko Panpi Sainte Mariek babesa adierazi zien auzipetutako langileei, baina onartu zuen auziak azalera ekartzen dituela hiltegietan izan daitezkeen arazoak, eta konpondu egin behar direla. Halere, gogor jo zuen L214ren kontra: «Haien helburua da hazkuntza debekatzea. Laborarien lana da jendeari egin ahala hazkurri onak eskaintzea. Hortik abiaturik, guk pentsatzen dugu hiltegiak beharrezkoak direla, baina ez nolanahi aritzeko».