Klima berri batean

Legebiltzarreko taldeek Buesa eta Casas oroitu dituzte, eta Foro Soziala ere izan da lore eskaintzan. Andoaingo Udalak urrunketa baztertu du
Fernando Buesaren eta Jorge Diezen senideak, atzo, Gasteizen, haien aldeko lore eskaintzan.
Fernando Buesaren eta Jorge Diezen senideak, atzo, Gasteizen, haien aldeko lore eskaintzan. ADRIÁN RUIZ DE HIERRO / EFE

Enekoitz Esnaola -

2019ko otsailak 23
Klima berri bat ereiten ari dira euskal gatazkako indarkeriaren biktima mota batekoak eta bestekoak; ez guztiak, Covite eta AVT gogor baitaude, baina bai zenbait, eta gero eta gehiago. Eta euskal elkarteak eta ia alderdi denak laguntzen ari dira. Egunotako mugimenduak horren seinale dira: ostegunean, Sare plataforma Fernando Buesa Fundazioaren In Memorian XIX saioan izan zen, «elkarbizitzarako pausoak emateko garaia» dela iritzita, eta «biktima guztien aitortza bultzatu eta sufrimendua betiko amaitzeko» aldarrikatuz; ostegunean bertan, Andoaingo (Gipuzkoa) udalbatzak aho batez onartu zuen urruntze politikaren kontrako mozioa —EH Bildu, PSE-EE, EAJ, Ganemos eta Irabazi daude—; atzo, Eusko Legebiltzarrean, talde guztiek gorde zuten minutu bateko isilunea Fernando Buesa eta Enrique Casas PSEko legebiltzarkideak oroitzeko —EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta PPk—; gero, Buesaren eta Jorge Diez bizkartzainaren hilketen 19. urtemugako lore eskaintzara joan ziren, eta, senideen gonbidapenari erantzunez, Foro Soziala ere bai; gaur, biktima mota desberdinen topaketa bat izango da Donostian.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2014an erabaki zuen indarkeria politikoaren biktima izan diren lau legebiltzarkideak oroitzea urtero: Buesaz eta Casasez gain, Gregorio Ordoñez (PP) eta Santi Brouard (HB). Atzo, lehen biak oroitzeko eguna izan zen: Buesa ETAk hil zuen, 2000ko otsailaren 22an, Gasteizen, bonba-auto batez —erasoan, Diez ere hil zuen—, eta Casas, berriz, Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten, 1984ko otsailaren 23an, Donostian, tiroz. Parlamentu atarian PSEko bi kideen argazkiak jarri zituen Mahaiak, Gauerdiko iparrorratza eskulturan.

Isilunearen ondotik, Buesa eta Diez hil zituzten tokitik gertu haien omenez dagoen monolitoan egin zuten lore eskaintza, Eusko Legebiltzarretik Bakartxo Tejeria Mahaiko presidentea buru zela. Foro Sozialetik Agus Hernan eta Juantxo Oskoz joan ziren.

Bi mahai inguru Donostian

Biktima mota desberdinen arteko topaketa bat izango da gaur: Donostian (Miramar jauregia, 10:30), Foro Sozial Iraunkorrak antolatuta. Bi zati izango ditu jardunaldiak. Lehenik, Maria Jauregik eta Peru del Hoyok elkarrekin hitz egingo dute. Jauregiren aita Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil izandakoa ETAk hil zuen, Tolosan (Gipuzkoa), 2000. urtean; eta Del Hoyoren aita Kepa del Hoyo Badajozko (Espainia) espetxean zendu zen, 2017an —euskal presoak bihotzekoa izan zuen; bakartuta zeukaten—.

Atzo bi biktimak ETB2n izan ziren, En Jake programan. «Biktimekin hitz egin behar da, ez politikariek politikariekin», esan zuen Del Hoyok; «guk badugu zerbait amankomunean: mina. Horrek, sufritzen dutenekin enpatia handiagoa izatea dakar». Jauregik zioen aita hil ziotenean «amorrua» sentitu zuela, baina etxean «errespetuarekin hezi» izan dutela. «Bertsio eta indarkeria guztiak» ezagutzearen alde mintzatu zen Jauregi, horrek «zauriak ixten» joateko balioko duelakoan.

Gaur Donostian, biak mintzatu ostean, beste mahai inguru bat izango da, «arrazoi politikoak tarteko, sufrimendua pairatu» duten lau lagunekin, foroaren esanetan: Petri Romero PSEko kidea eta urteetan bizkartzainekin ibili zena; urrun dagoen euskal preso baten senide Jone Artola; Pablo Martinez Espainiako Estatuko espetxe funtzionarioa; eta Isidro Murga 18/98 sumarioan auzipetutakoa ariko dira.