Presoek eta funtzionarioek borroka izan dute Zaballan

Funtzionario elkarte baten salaketaren ondoren, Espetxe Erakundeek aitortu dute «istilu bat» gertatu dela. Zortzi preso bakartu egin dituzte

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Astelehenean istiluak izan zituzten Zaballako espetxean, Araban. Kartzeletako funtzionarioen elkarte batek jakinarazi duenez, 18:00 aldera gertatu zen borroka. Espainiako Espetxe Erakundeek aitortu dute «istilu bat» izan zela Zaballan, baina ez diote aparteko garrantzirik eman: «Ez zen matxinadarik izan». Haren arabera, zerbitzuburuak kargu hartu zion preso bati, gimnasioa ez zuelako garbitzen, eta oldartu egin zitzaion. Funtzionario elkarteak erantsi du inguratu egin zutela espetxeko arduradun hori. «Kafe edalontziak, latak eta bestelako objektuak botatzen hasi zitzaizkion. Matxinada hasi zen». Hirugarren moduluan gertatu zen liskarra, eta, egoera ikusita, beste modulu batzuetako langileak ere joan ziren, elkartearen esanetan.

Borrokaren ondorioz, bakartze moduluan sartu dituzte zortzi preso. Horietako zazpi momentuan bertan apartatu zituzten, eta beste bat, ondoren, segurtasun kameretako irudiak aztertu eta gero. Bi funtzionario arin zauritu zirela azaldu dute Espetxe Erakundeek. Liskarraren harira, baliabide gehiago eskatu ditu elkarteak.

Hain justu, presoen segurtasunarekin lotuta hizpide izan da aurten Zaballa: bost kartzelatu hil dira. Urtarrilaren 17an izan zen lehen heriotza, otsailean bigarrena, apirilean hirugarrena eta laugarrena, eta irailean bosgarrena. Gizonezko gazteak ziren gehienak.

Urtarrilean hil zen presoak 28 urte zituen, eta Bizkaian bizi zen. Funtzionarioek familiari jakinarazi ziotenez, droga gaindosi baten ondorioz zendu zen. Otsailean hil zen presoari buruzko informaziorik ez dago. Are gehiago, nahasketa baten ondorioz eman zuten heriotza horren berri Espainiako Espetxe Erakundeek: elkarte batek apirilaren 1eko heriotzari buruz galdetu zuen, eta otsaileko ezbeharraren datuak eman zizkioten. Presoak bere buruaz beste egin zuela adierazi zuten espetxeko iturriek. Argudio bera baliatu zuten apirilaren 1ean zendu zen gaztearekin: 24 urte zeuzkan. Apirilaren 25ean hilotz agertu zen gizona ere gaztea zen, 28 urtekoa. Goizeko zenbaketan aurkitu zuten hilik presoa. Azken kartzelatua orain hilabete hil zen, irailaren 21ean; hipotesi nagusia da droga gaindosia izan zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.