Pastor
DARWIN ETA GU

Euskal zer?

2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 1etik aurrera Holanda deitzeari utziko diote Herbehereek. Ofizialki. Holanda hitza, berez, herrialde osoko bi probintziari dagokie: Ipar Holanda eta Hego Holandari. Lehen Holanda horretan Amsterdam eta Harlem hiriak daude kokatuta; bigarrenean, Rotterdam eta Leiden. Erabaki horren bidez herrialdearen itxura hobetu nahi du atzerrian Herbehereetako Gobernuak. Batez ere, Holanda hitzak prostituzioa eta droga kontsumoa ekartzen dizkiolako gogora jende askori: «Amsterdamera zoaz? Auzo gorrira joan!». «Amsterdamen egon zara? Zer moduz dago hango materiala?». Beste argudiorik ere azaldu du gobernuak. «Bitxi samarra da kanpoan Herbehereetako zati txiki bat baizik ez sustatzea», azaldu dio Atzerri Ministerioko iturri batek Efe agentzia espainiarrari.

Izenarekin gora eta behera dabiltza Herbehereak, independenteak izan eta mendeak pasatu eta gero. Gu oraindik ez gara independenteak. Beraz, arrazoi gehiago gaiaren inguruan tematzeko. Geure herriaren izena behin betiko erabakitzeko. Edo gutxiago. Gainera, Bilboko red light auzoa ez da Amsterdam hirikoa bezain ezaguna. Garai batekoa bezalakoa ere ez. Gogoratu beharra dago Eguberri santu hauetan San Tomas eguneko iluntzean San Frantzisko edo Kortes omen zirela euskara gehien entzuten zen Bilboko kaleak?

Behinola Euskadi hitzak Euskal Herri osoa hartzen zuen euskaldunon buruan. Harik eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako autonomia estatutuaren ondorioz sortutako inertziaz soilik hiru probintziak deitzeko erabiltzen hasi zen arte. Galdetu orain EAEko 40 urtez beherako edozein herritarri Euskadi zer den, eta askok hiru probintziak aipatuko dituzte. Ez da beti horrela izan, baina. Estatutuak bost urte ez zituela, Euskadi hitzak lurralde osoa hartzen zuen artean, jende ugariren buruan: «¿Vasco?¿De Euzkadi?», galdetu zidan iheslari politiko uruguaitar batek Lund-en, Suedia hegoaldeko unibertsitate hirian, eginiko festan. Euzkadi, zeta eta guzti. Ez esan hari EAE, Nafarroa eta abar. Euskadi zen dena.

Euskadi hitzak murriztutako kontzeptu geografiko eta politikoa gainditzeko edo, Euskal Herria izena bultzatzen hasi ginen. Euskal Herriak konnotazio kultural eta linguistiko nabarmenagoak zituen politikoak baino. Hala ere, orain kutsu politikoa ere badu. Inoiz etorriko gara bat geure herriaren izena erabakitzeko? Euskadi? Euskal Herria? Euskal Herriak? Zenbait herritarrek errazago onartuko lukete Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako Konfederazioa, eusk sustraia duen hitzik gabe. Euskal zer...? Halakoxeak gara, bada. Nafarroa? Galdetu Bizkaia aldean, eta ez soilik Sabin Etxean. Ez esan hango askori nafarrak direnik. Zenbait lagunen belarrietan Cascanteko herritar bati baskoa dela esatea bezain mingarria izan liteke, beraien burua abertzaletzat jo arren. Nik argi dut kontua: euskaraz Euskal Herria esan dut beti. Erdaraz, Euskadi, País Vasco edo Pays Basque. Euskal Herria, ez. Barkatu, baina ez zait irteten. Eta abertzale erdaldun bati Euskal Herria entzuten diodan bakoitzean, barrenak irakin egiten dit. Areago espainiar baten aurrean ari denean, paparra ateratzen oilarren pare: «Sí, porque en Euskal Herria bla, bla, bla».

Ingmar Bergman suediarrak 1957an zuzendu zuen Smultronstället filma (Basa Marrubiak). Isak Borg irakasle zahar ospetsuaren gogoetak azaltzen ditu lanak. Lund hirira joango da Borg, hango unibertsitateak emango dion saria jasotzera. Lunderako bidea Marianne errainarekin egingo du. Bidaiak biziari errepasoa egiteko balio izango dio, bere burua onartzeko heriotzaren ezinbestekotasunaren aurrean.

Adituen ustez, Bergmanen film bikainenen artean dago Basa Marrubiak. Lana Vatikanoaren film onenen zerrendan dugu, amaieran «bakearen eta adiskidetzearen zentzua» hauspotzen duelako. Filmaren beste zati batzuetan, ordea, zalantza eta ukazioa ditugu nagusi, Viktor gaztearen hitzetan bezala: «Txikitan Bizar Zuri zegoela sinesten zenuen; orain Jainkoa dagoela sinesten duzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.