16 urteko mutil bat atxilotu du Poliziak Angeluko suarekin lotuta

Hogei urteko kartzela zigorra arriskatzen du Baionako gazteak, delitu larria egotzita

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Frantziako Auzi Poliziak trenkatu du: Angeluko Xiberta oihanean (Lapurdi) iragan astean izandako sutea «nahita» piztua izan zen. Hala adierazi zuen atzo Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak. 16 urteko mutil bat atxilotu zuen Frantziako Poliziak asteazkenean. «Hainbat froga jaso dituzte inkestariek, eta nahikoa elementu dauzkagu gizona espetxeratzeko eskatzeko», esan zuen Bourrierek. Erabakia askatasun epaileak hartu beharko du.

Hogei urteko kartzela zigorra arriskatzen du susmagarriak, «eri geldialdi bat eragin duen baso edo landa baten desegite kriminala» akusaziopean. Izan ere, dozena bat polizia eta suhiltzaile intoxikatu zituen keak, eta lan geldialdi bat behar izan zuten. Ondoko asteetan epaituko dute gaztea Baionan, epaileak adingabeen auzitegira aurkeztea erabakitzen ez badu —delitu larria izaki, adindun gisa epai dezakete—.

Xibertako sutea gertatu baino hamar egun lehenago, aterpetua den gazte egoitzako gela bati su eman zion ustez atxilotuak. «Piromaniarako joera duen susmagarria dela esan daiteke», Bourrieren arabera. Basoaren 165 hektarea erre ziren arren, sua leku bakarrean piztu zela uste dute; hala ere, Frantziako Poliziak ez du argitu nola eragin zuten. Christian Sivy Bordeleko (Okzitania) poliziaburuaren hitzetan, zaila izaten ari da inkesta: «Oso zaila da sute baten ondotik frogak biltzea. Lortu dugun informazioa lekukoen esanetan oinarritzen da. Zenbait froga zientifikoki ikertzen ari dira, eta emaitzen beha gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.